Lilatoia hiriko kaleetara itzuliko da
Igandean, martxoaren 6an, 32. Lilatoia lasterketa herrikoia egingo dute. Gaur goizean aurkeztu dituzte xehetasunak Donostiako Udaletxean. Iaz ez bezala, aurten lasterketa presentziala izango da. 2021ean, pandemiaren ondorioz, proba birtuala antolatu zuten. Beraz, igandean Lilatoia hiriko kaleetara itzuliko da.
Donostiako Atletiko talde antolatzaileak jakinarazi duenez, 5.000 emakumek parte hartuko dute igandean. Gipuzkoako dira gehienak, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotatik ere etorriko dira Donostiara. Hala nola, Bilbo, Gasteiz, Iruñetik eta Ipar Euskal Herritik. Horrez gain, Madrilgo parte hartzaileak ere egongo dira.
Lasterketa 10:30ean abiatuko da Bulebarretik, eta 5 kilometroko ibilbidea izango du. Dena dela, 09:30etik aurrera girorik ez da faltako Bulebarreko irteeran. Bestalde, parte hartzen dutenek dutxa zerbitzua Belodromoan eta Bentaberri kiroldegian izango dute, Donostia Kirolaren laguntzari esker.
Euro solidarioari dagokionez, Why Not fundazioak jasoko du Lilatoiaren antolakuntzak bildutako dirua. Hain zuzen ere, 12 euro balio zituen izen-emateak, eta euro horietako bat da fundaziora bideratuko dutena.