Antso Jakitunaren hiribidearen ardatz bikoitia urbanizatuko dute
Donostiako Udalak onartu du Amara Berriko Antso Jakitunaren hiribideko ardatz bikoitia urbanizatzeko proiektua. 1.042.996 euroko aurrekontua du eta lanak udazkenean hastea aurreikusten du udalak. Hiribideak Amara Berri eta Erdialdea lotzen ditu, eta urteetan zehar aldaketa asko izan ditu.
Oinezkoentzako sei metro inguruko eremu zabala aurreikusten du proiektuak. Ez du oztoporik izango eta ondo argiztatuko dute. Era berean, hiri altzariak berrantolatu eta berdegune bat sortuko dute, pasabide hori galtzadatik bereizteko. Gainera, eremuko azpiegitura guztiak berrituko dituzte, kanpoko ilarako tamaina handiko zuhaitzei eragin gabe.
Horrela ere, zuhaitzen barneko lerroa kentzea proposatu dute, espaloi zabal bat eta eremu berde bat sortzeko bidearen ondoan, aldakorra izango dena. Zenbait zatitan berdegunea izango da erabat, eta beste zati batzuetan autobus geltokietako egungo markesinentzako igarobideak izango dira. Igarobideetan ere irekierak egongo dira, bizikletentzako aparkalekuekin, oinezkoen pasabideekin eta abarrekin. Errepidearen eta oinezkoen guneen arteko tartea sortzeko aprobetxatuko da, autoek eragindako zarata murriztuz.
Azken batean, oztoporik gabeko gune zabal bat egongo da etxebizitzen eta saltokien ondoan. Hori dela eta, altzarien elementuak gune berde horren ertzean edo harekin tartekatuko dituzte. Hala nola, terrazak, markesinak eta edukiontziak eta bizikletentzako aparkalekuak.