Betiko moduan itzuli dira Aingeru Zaindariaren ermitara Ibaetako jaiak
Tradizioari jarraituz, azken urteetako egitarau bera saiatu dira aurrera eramaten Aingeru Zaindariaren ermitara Ibaetako bizilagunak.
Gorritiren animaliak faltan, meza, Estanga aita-semeak trikiti eta panderoan, eta azken 20 urtetako lau bertsolari berak: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Beñat Gaztelumendi eta Unai Gaztelumendi.
Unaik hogei urte bete ditu jarraian Aingeru Zaindariaren egunean hutsik egin gabe: “Beñatek urteren batean kale egin zuen, baina nik uste dut hogei urteak jarraian egin ditudala”. Ibaetako egun berezi honek hori du alde “egitaraua beti bera” dela. Irri artean diote, “onerako eta txarrerako”.
Batez besteko adinari erreparatu diote bertsolariek, oso heldua dela iritzita “jendea lanean ariko ote den” galdezka. Bertsotan gogoratu dute baita ere, iaz izan zela kale egin zuten urte bakarra, eta “galdutako festa orduak berreskuratu” behar dituztela orain.
Eguneko anekdota berezia izan da Japoniatik etorritako Hide Dohinok (1994, Yokohama) bi bertso bota dituel bertsolariekin batera. Euskara ikasten ari da gaztea, eta idatzita zituen bi bertsoak auzotarrekin partekatzera animatu da, bertakoen harridura eta pozerako.
Bertsolariek harrera beroa egin diote: “Hidek bi bertso bota dizkigu/ aldatu dira garaiak/ mundu guztian dira famatu/ Aingeru Guardako jaiak”.
Argazki galeria: