Hide Dohino japoniarraren bertsoak Ibaetako jaietan: "Oso esperientzia polita izan da"
Japoniatik etorritako Hide Dohinok (1994, Yokohama) bi bertso bota ditu gaur Ibaetako jaietan, Aingeru Zaindariaren ermitako bertso saioan. Euskara ikasten ari da gaztea, eta idatzita zituen bi bertsoak auzotarrekin partekatzera animatu da, Ibaetakoen harridura eta pozerako.
Eta, nolatan ikasi duzu euskara?
Duela lau urte hasi nintzen ikasi. Bertso saio aurretik nire japoniako irakaslearekin topatu naiz, kasualitatez. Berarekin eta bere lagunarekin hasi nintzen ikasten, gramatika bakarrik, eta gero nire kabuz. Euskal Herrira etortzen hasi nintzen, batez ere Lekeitiora.
Ez zara inoiz Euskal Herrian bizi?
Ez naiz Euskal Herrian bizi, duela hogei bat egun iritsi naiz. Nire asmoa da EHUn ikerketa tesi bat egitea eta horretarako etorri naiz. Euskara ikasten nuen, Japonian eta Madrilen, bertako euskal etxean. Eta hilabetero Lekeitiora joan izan naiz jaietara, mendira edo lagunek diotena egitera.
Nola ikasi duzu bertsotan?
Ikasi, ikasi, ez dut sekula ikasi. Badaukat lagun bertsolari bat, eta nire urtebetetzea ospatzeko urtero bidali dit bertso bat. Nik ere berari eskerrak emateko, eta bere urtebetetzerako bidaltzen hasi nintzen. Justu pandemiak harrapatu gaituen bi urte hauetan, denbora hartu dut zerbait idatzi eta lagunei bidaltzeko. Haiek zuzendu didate, iruzkinak egin.
Nolako esperientzia izan da bertsotan egitea?
Ez dakit, izugarria izan da. Ni bertsolaria ez izan arren, bertsolari handi horiekin oholtza partekatzen utzi didate, eta eta oso polita izan da.