"Nik garbi daukat Ukrainatik jendea etorriko dela hona, eta esfortzu handia egin beharko dugu"
Ukrainako gerrari buruzko bilera egin dute gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta EAEko hiru hiriburuetako udalek. Eneko Goia alkateak adierazi duenez, Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek parte hartu du bileran. Donostiako Udalak laguntzeko prestutasuna duela adierazi du Goiak.
“Ukrainatik pertsona asko ateratzen ari dira, eta denon artean antolatu beharko gara Europako hainbat lekutan jendea hartzeko. Elkarlanean egin beharko dugun zerbait da”, esan du alkateak. Donostiara Ukrainako jendea etorriko dela gaineratu du: “Nik garbi daukat Ukrainako jendea etorriko dela hona, eta esfortzu handia egin beharko dugu”. Hain zuzen ere, Goiak bilera egin zuen atzo Ukrainatik Donostiara haurrak ekartzen dituzten elkarteekin, eta gaur hitz egin du hirian bizi den Ukrainako kolektiboarekin. Izan ere, Donostian 500 pertsona baino gehiago dira Ukrainakoak. “Elkarteei eta kolektiboari ahalik eta gehien laguntzen saiatuko garela adierazi diet”, esan du Goiak.