Desgaitasun handia duen pertsona baten etxegabetzearen kontrako protesta bat egingo dute
Kaleratzeak Stop plataformaren protesta bat. (Argazkia: Oihane Arretxea) Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egingo du bihar Donostian, Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzaren aurrean. Desgaitasun handia duen emakume bati alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea ukati zaiola salatu dute, eta haren etxegabetzearen aurka mobilizatuko dira.
Intxaurrondoko bizitoki zerbitzudun egokitu batean bizi da Soukaina, eta plataformak salatu duenaren arabera, etxegabetze agindua jasoko du sei hilabeteko luzapena bukatzen zaionean. 2015eko Etxebizitza Legeak Eskubide Subjektiboa lortzeko finkatzen dituen gehienezko diru-sarrerak gutxigatik gainditzen dituela azaldu du Kaleratzeak Stop-ek, eta salatu du legeak ezarritako kopuru horiek “zaharkituta” daudela: “Ezinbestekoa da 9.000, 12.000 eta 15.000 euro gordineko muga horiek berrikustea eta eguneratzea kide bat, bi kide edo gehiagoko familia-unitateentzat, familia zaurgarri horiek etxebizitza-alternatiba bat izan dezaten. 5 urterako kontratu luzaezinak amaitu dira eta Etxebizitza Sailburuak, azaroaren 23ko data duen idatzian, etxebizitzak utzi behar dituztela familia pobre eta zaurgarriagoak sar daitezen esaten diete. Familia horietako bakar batek ere ezin ditu ordaindu merkatu pribatuko alokairurik, ezta alokairu sozialeko etxebizitzarik eskuratu”.
Elkarretaratzean Soukaina eta kaltetutako beste familia batzuk izango dira. Sailburuarentzako idazki bat erregistratuko dute diru-sarrera muga horiek berrikusteko exijituz, horiek nabarmen gainditzen dituzten urteko 14.000 euroko LGSa edo pentsioak kontuan har daitezen. Alokairu sozialeko etxebizitza gehiago eta alokairuen prezio espekulatiboak mugatzeko exijituko dute.


