Donostia beste helmuga turistikoen aldean "desberdin eta berezi" egiteko Basque Challenge jarri du abian Donostia Turismoak
Bi turista, Bulebarreko Turismo Bulegoko mapari begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna) Donostia Turismoak Basque Challenge 2 erronka sortu du bisitariekin euskara eta euskal kultura lantzeko asmoz. Ekintza honen xedea “gure kultura eta hizkuntza balioan jartzea” da. Gaineratu dutenez “Donostia beste helmuga turistikoen aldean desberdin eta berezi egiten duena” nabarmentzea bilatuko dute. Euskara “hiri poetiko batentzako hizkuntza poetikoa da”, promozioa bideoan adierazten dutenez.
Lehiaketa baten bidez, “euskara eta euskal kulturari buruzko ezagutzak proban” jarriko dituzte, eta parte-hartzaileak euskal kulturan, “modu dibertigarri batean”, sakontzera animatuko dituzte. Galdetegia euskaraz, katalanez, gailegoz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez egongo da eskuragarri bisitariek euskal kulturari buruz ikas dezaten.
Donostia Turismoaren ustez “Euskarak gure kultura eta gure izateko modua adierazten duten hitz berezi ugari ditu. Hitz horiek baliagarriak dira gure hiria beste era batera erakusteko eta, gainera, agerian uzten dituzte gure nortasuna eta inguruko aberastasuna”.
Lehiaketa martxoaren 1etik 31ra bitartean egongo da zabalik www.sansebastianturismoa.eus webgunean eta parte hartzen dutenen artean 150 opari baino gehiago eta Arbaso Hotelean bi lagunentzako gaualdi bat eta gosaria zozketatuko dituzte.

