Donostian jaio zen gaurko egunez euskarazko lehen irratsaioa
Union Radio irratia Donostian zegoen. Irudian, 1932ko irratsaio baten grabaketa bat. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) Euskarazko irratigintzak 90 urte bete ditu gaur. 1932ko martxoaren 2a zen: 20:00etan puntuan, euskarazko lehen irratsaioa aurkeztu zuten Ander Arzelus Luzear-ek eta Joseba Zubimendik, Donostian, Union Radio irratian —gero Radio San Sebastian izango zena—. Jeiki jeiki, euskotarrak! kantua sintonia bihurtu, eta ordubeteko saioa osatu zuten. Horrela egin zuten asteazkenero, 137 astez. Bi urte eta erdi iraun zuen saioak, Espainiako II. Errepublikaren Gobernuaren debekua iritsi zen arte.


