Emma Kunzen unibertsoan barneratzeko sei astetako Akelabea abian da Tabakaleran gazte eta nerabeentzat
Akelabea jarri du abian Tabakalerak, gazte eta nerabeei zuzendutako sei astetako proiektuak bilduko dituen ekimena. Lehenengo honetan, Emma Kunz sendalari eta artista suitzarraren unibertsoaren haritik egingo dute tira, Tabakaleran berari buruzko erakusketa zabalik dela baliatuz.
Sei astean zehar garatzen den proiektu bakoitzak gai bat jorratuko du Akelabeak, erpin asko izan ditzakeen testuinguruetatik. Ariketak egingo dira Medialabeko espazio eta baliabideak ezagutu eta erabiliz, eta jakintza arloak nola elkar gurutzatu daitezkeen ikasiz.
Izen-emate bakarra egin beharko da esteka honetan, sei saioetarako.
Saioak
Martxoak 2:
Testuinguruarekin harremanean jarri. Tabakaleran Emma Kunz-i buruz dagoen erakusketa bisitatuko dugu, ondorengo saioetan zer eta zergatik egingo dugun ikusteko.
Martxoak 9:
Kartografia. Laser ebakigailuan espirografo bat eraikiko dugu eta, harekin marraztuz, Kunzen erako mapa sinbolikoak sortuko ditugu.
Martxoak 16:
Naturarekiko lotura. Parkera joango gara naturerekin bat egin eta hura bertatik-bertara behatzera. Laginak jasoko ditugu hurrengo ariketak egiteko.
Martxoak 23:
Sendabelar ukendua. Aurreko saioan jasotako elementuekin ukendu-potetxoak egingo ditugu, bai eta horiek zertarako balioko luketenari buruzko kontakizuna pentsatu ere.
Martxoak 30:
Amuletoa. Gure amuleto propioa sortuko dugu Medialaben dauzkagun baliabideak erabiliz eta ikasitako guztiak ere baliatuz.
Apirilak 6:
Errituala. Mozorroak, kapak, margoak…kromaren magia…erritual bat egingo dugu eta horiek zer eta zertarako diren deskubritu, azken saioa borobiltzeko.


