Groseko Ramon y Cajal kalea oinezkoentzat egitearen aurka agertu da RACVN
RACVN ez dator bat Donostiako Alderdi Popularrak Groseko Ramon y Cajal kalea oinezkoentzat jartzeko proposatutako neurriarekin. Automobil-klubak zinegotziei eskatu die bere proposamenaren inguruan hausnartzeko, eta Udalari, berriz, ez egiteko.
Kalea oinezkoentzat jartzeak inbutu efektua saihestuko lukeela dioten politikarien irizpidearen aurka, talde automobilistak dio “inbutu efektuak ibilgailuen trafikorako sarbidea mugatzen denean eta zirkulazioa bide bakar batean kontzentratzen denean sortzen direla”. Hirian “oso adibide argiak daude”, haien ustez eta aipatu dituzte Gernikako Arbola Pasealekua, Foruen Pasealekua edo Easo kalea.
Popularren arabera, neurriak inguruko merkataritza “bultzatu eta indarberrituko du”. Hala ere, eta kale horretako merkataritza oso urria denez, RACVN beldur da neurriak ez ote duen balioko soilik “ostalaritzako terraza gune gehiago sortzeko, hiriko oinezkoentzako beste eremu batzuetan gertatu den moduan, hala nola Amarako Isabel II kalean edo Gros auzoko Peña eta Goñin”. RACVNen ustez, Gros auzoak terrazaz hornitutako ostalaritza-establezimenduen eskaintza zabala du dagoeneko, eta ez du gehiago behar.
RACVNren ustez, proposamena “errealitatetik urrun dago eta inguruko herritarren eta biztanleen egunerokotasuna oztopatzen du”. Auzoko ibilgailuen zirkulazioari eragiten dio, eta “helmuga berera iristeko ibilbide luzeagoa egin behar izatea eragiten du”.
Bien bitartean, “hiriaren erdigunean gero eta hotel gehiago daude, gehienak aparkaleku propiorik gabe, ostalaritza establezimendu gehiago” eta hiriko sarreretan disuasio aparkalekurik ez dagoela salatu dute ere.


