Parkea Bizirikek 30 urtez habia-kutxekin egindako lana, Egia Kultur Etxean ikusgai
Urubi kumeak Uliako habia-kutxetan. (Argazkia: Joseba Gurutz de Vicente) Besteak beste Egiako tunelean ikusgai egon ostean, Egia Kultur Etxera heldu da Parkea Bizirik elkarte naturazalearen 30 urte habia-kutxekin argazki erakusketa. Elkarteak 30 urtetik gora daramatza Donostian eta inguruko naturaguneetan hegaztientzako habia-kutxak jartzen, eta ibilbide guztian zehar egindako argazki esanguratsuenekin osatu dute erakusketa. “Habia-kutxen barruan gure inguruko fauna basatiaren irudi argitaragabeak erakusten dira”, Parkea Biziriken hitzetan. Hilaren 31ra arte ikusi ahal izango da erakusketa.
1990ean hasi ziren Egiako Kristinaenea parkean habia-kutxak jartzen, eta beste hainbat gunetan jarri dituzte ordutik: Ametzagainan, Ulian, Larrañategin, Igeldon, Astigarragan, Oreretan, Oiartzunen eta Aiako Harrian, esaterako. Azken hiru hamarkadotan, 7.200 ikuskapen egin dituzte, eta mota askotako 2.371 hegazti atera dira euren habia-kutxetatik. Hegaztiez gain, hainbat ugaztun txikik ere habia-kutxak erabili izan dituzte, eta erakusketan badaude horietako batzuen argazkiak.


