Saharako errefuxiatuentzako janaria eramateko karabana larunbatean abiatuko da Donostiatik
Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara janaria eramango duten bi trailer. (Argazkia: S.E.A.D.en Lagunen Elkartea) Sahararen aldeko elkarteak bukatutzat eman du errefuxiatu sahararrentzako janari bilketa, eta larunbatean, hilaren 5ean, abiatuko da elikagaiak Saharara eramango dituen karabana, Zurriolatik, 10:00etan. Hain zuzen ere, 100 tona janari bildu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Zurriolatik abiatuko diren lau kamioietan Alacanteraino (Herrialde Katalanak) eramango dituzte, gero handik Saharako kanpalekuetara eramateko. Kamioiak agurtzeko ekitaldian, bertsolariak eta dantzariak izango dira.
Donostian, 12.101 kilo janari eta 60 konpresa kaxa jaso dituzte, hiriko hainbat merkataritza gune eta ikastetxetan. Bestalde, Dbusen azpiegiturak erabili dituzte elikagaiak biltzeko, sailkatzeko eta kamioietan kargatzeko, eta, hain zuzen ere, Dbuseko gidari batzuek eramango dituzte kamioiak Alacanteraino. Era berean, nabarmendu dute kamioiak Donostiako gazte batzuek “txukun eta polit” margotu dituztela. Ildo horretatik, eskerrak eman dizkiete “Donostiako Udalari, herritarrei, ikastetxeetako komunitateei, Dbuseko arduradunei eta langileei, gidariei, grafitigileei eta lan honetan lagundu diguten guztiei”.

