Zahartzaroaren inguruko hausnarketa plazaratu dute
(Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Udaleko Lankidetza Sailak eta Donostia Lagunkoiak Baztertuak erakusketa antolatu dute. Otsailaren 23tik ikus daiteke Kutxa Kultur Plazan, eta gaur egin dute aurkezpena. Apirilaren 24ra bitarte bisitatu ahal izango da.
Marc Espin kazetariak El Salvadorreko Tecoluca landa komunitateetako adineko hamabost emakumeri ateratako argazkiak ditu erakusketak. Lempa ibaiaren beheko eskualdeko emakume horien eguneroko bizimodua erakusten du. Estatuak eta gizarteak ahaztutako emakumeak dira, eta haien erresistentzia historiaren bidez, Erdialdeko Amerika osoko ehunka eta milaka emakume adinekoren erresistentzia historia islatzen du.
El Salvadorreko emakumeen testigantza azaltzeaz gain, Ozeano Atlantikoaren bestaldean bizi diren haien kideko emakumeen lekukotasunarekin osatzen du, bideoan grabatutako elkarrizketen bidez. Elkarrizketa horietan, besteak beste, indarkeria matxistak, diru sarrerak, etxeko lanen banaketa eta zenbait galderarekin egindako elkarrizketak aztertzen dituzte. Hona hemen bi eredu: Zer esango zenioke iraganeko niarekin topo egingo bazenu? eta Ba al da sexurik hirugarren adinean?
Ez da El Salvadorri buruzko erakusketa bakarrik. Belaunaldien eta eskualdeen arteko elkarrizketa gune bat ere badela nabarmendu dute: “Galdera deseroso batzuk egiten dizkigu, bizi garen mundu basati honen gainean. Esate baterako, nola ikusi eta bizi behar da zahartzaroa? Posible al da hainbeste jende baztertzea? Zer da emakume adinekoa izatea hemen eta zer da hemendik kanpora? Zer erantzukizun dakarte gure pribilegioek?”.
Martxoan eta apirilean jarduera paralelo batzuk izango ditu erakusketak. Adibidez, bihar Zahartzearen erronkak El Salvadorren eta Euskadin solasaldia egingo dute Kutxa Kultur Plazan, 18:30ean.


