"Beste bat? Ez, ez... Bueno, azkena!"
Ez zen atera behar, baina hurrengo eguneko eguerdian hor jarraitzen du, garagardoa eskuan, hitz eta pitz. Parrandek ez diote “ezer esaten”, baina bere lagunek ez dutenez euren “zahartzaroa onartzen”, beti besteen erruz mozkortzen da eta berandutzen zaio: Abaigarko udalekuetako lagun min hori (azkenenekoz duela bost urte hitz egin zuen berarekin) agertu denez, titarekada bat edan “behar” izan du; beste lagun batek ligatu nahi zuenez, ezin zuen bakarrik utzi; komunean mundua konpontzen aritu da beste lagun batekin eta etxera joan behar zenean ez zeukan toporik. Eguzkia atera da, eta tabernan jarraitzen du, “azkena” hartzen. Adi! Amak deitu dio, amonaren etxean bazkaria zuelako, eta dagoeneko kroketekin hasi direlako. “Banoa, banoa”, baina atera azkena.
Horietakoa zara? Ziur behin edo behin izan zarela, edo badaukazula inguruan halakoren bat. Atzean Zuloak aurkitu du pertsonaia hori, eta Azkena bideoan islatu du.
Bosgarren denboraldia
Bosgarren denboraldian murgilduta dago Atzean Zuloa, eta beste bost bideo argitaratu dituzte dagoeneko: Kriptoanaia, Konkistatzailea, Landarezalea, Etxejabea eta Mallot horia. Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrek gorpuzten dituzte Atzean Zuloaren pertsonaiak. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da, eta 2018an hasi ziren umorezko esketxak egiten.