Desgaitasuna duen Soukaina Intxaurrondoko bizilaguna kaleratu nahi du Jaurlaritzak

“Zaurgarritasun egoera handian” aurkitzen dela salatu du plataformak eta giltzak ez bueltatu eta ordaintzen jarraitzeko proposamena egin diote, bertan bizitzen jarraitzea lortzeko.
Soukainak %83ko desgaitasun fisikoak dituenez, Intxaurrondoko bizitoki zerbitzudun egokitu batean sarbidea izan zuen duela bost urte. Desgaitasun horiek izan arren, Soukainak ikasketak egin eta bere lehen praktika kontratua izatearekin 860,11 euroko diru sarrerak ditu urtarrilaren 1etik aurrera. Eusko Jaurlaritzak dituen baremoen arabera, ez da langaren barruan sartzen, eta otsailaren 28an kanporatua izateko agindua jaso zuen.
Soukainak salatu duenez, diru sarrera horiekin ezin du merkatuan alokairu duinik lortu: “Ditudan behar bereziak direla eta, ezin dut edozein lekutan bizi, eta kalean geratzen banaiz, Gipuzkoako zerbitzu sozialentzat karga bat izango nintzake, eta ez dut inondik inora hori nahi”.
Kaleratzeak Stop-ek gogor salatu du egoera, eta, esan duenez, pobreak euren artean lehiatzera behartzen ditu Eusko Jaurlaritzak, “haren utzikeriaren ondorioz”. Argi adierazi dute Soukainaren moduko egoera “krudel” honi aurre egingo diotela, ahalik eta irmoen. Gaurko elkarretaratzearen ondoren, Arriola sailburuarentzat idatzi bat erregistratu dute, kaleratzea atzeratzeko eskatuz eta hau kritikatuz.
EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu, LAB sindikatua, Caritas eta Alokairuk kaltetutako Benta Berriko plataformako ordezkariek hartu dute parte.

(Argazkia: Xalba Ramirez)