Ikasleentzako hotel bat eraikitzen hasi dira Loiolako Erriberan
Loiolako Erriberan ikasleentzako hotel bat eraikitzen hasi da The Student Group Herbehereetako enpresa, eta 2023ko irailean irekitzea aurreikusten dute, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera. Pandemia dela eta, atzeratu behar izan dituzte lanak, eta hasiera batean aurreikusitakoa baino bi urte beranduago irekiko dute hotela. 325 logela izango ditu, eta unibertsitateko zein bestelako graduetako ikasleentzat izango da bereziki, baina baita sektore batzuetako profesionalentzat ere, eta urtebeterainoko egonaldi luzeetarako izango da. Horrez gain, udan, ikasleak ez daudenean, turistentzako ere irekiko dute.
Gizarte Segurantzaren eraikinaren ondoan ari dira eraikitzen, eta Amenabar enpresa ari da lanak aurrera eramaten. HozFontan arkitekto taldeak garatu du proiektua, hain zuzen ere, Easo berrantolatzeko proposamena garatu duten arkitekto talde berak. Miramongo Arima hotela eta Aquarium gaineko Bokado jatetxea ere arkitekto horiek diseinatutakoak dira.
Logelez gain, joko aretoak, co-working gunea eta egongela izango ditu hotelak, besteak beste. The Student Group enpresak Europako hainbat herrialdetan ditu irekita antzeko establezimenduak: Alemanian, Frantzian, Austrian eta Italian, esaterako. Bartzelonan ere (Herrialde Katalanak) badauka halako hotel bat.