"Bizitzak beste edozeren gainetik egon behar du"
Chernobil elkarteak 25 urtetik gora daramatza Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiak kaltetutako haur ukrainarrak udan Euskal Herrira ekartzen, aste batzuk hemen pasata, euren herrialdera indarberrituta itzuli daitezen. Nerea Albisuk (Amara Berri, 1966) hamabost urte inguru daramatza elkartean, eta zuzendaritzako kide da. Errusia Ukraina inbaditzen hasi zenetik, elkarteko haurrak laguntzeko lanean dabiltza, eta kontu korronte bat ireki dute –ES62 2100 6491 1222 0003 6970– jendeak diru ekarpenak egin ditzan.
Nerea Albisu donostiarra, Chernobil elkarteko kidea. (Argazkia: Beñat Parra) Nola hartu zenuten Errusia Ukraina inbaditzen hasi zelako albistea?
Ni oso goiz altxatzen naiz, 05:45ak aldera, eta altxa bezain laster, Whatsapp bidez izan nuen horren berri, elkarteko presidenteak taldean idatzi zuelako. Albistea jaso genuenean, ezin genuen sinetsi. Goiz horretan bertan hedabide ugaritako kazetariak guri deika hasi ziren, ea berririk bagenuen, eta abar.
Hasieran, gure txikiak ez zeuden oso gaizki, baina errusiarrak Txernobyletik sartzen ari zirela jakin genuenean, benetan izutzen hasi ginen. Zentral nuklearra Bielorrusiaren mugaren ondoan dago, eta guk hona ekarri ohi ditugun haurrak inguruko herrietan bizi dira. Handik, Kievera joateko errepide bat dago, eta hortik pasa ahala, gure txikien herriak suntsitzen ari dira.
Inbasioa bera hasi aurreko egunetan tentsioa egunez egun areagotzen ari zen. Nolakoak izan ziren egun horiek zuentzat?
Elkartean parte hartzen duten harrera familia guztiak deika hasi ziren, oso urduri. Egin genuen lehenengo gauza haiek lasaitzea izan zen, eta informazioa biltzen joan ahala, beraiei helarazten genien. Familia guztiekin Whatsapp talde bat egin dugu, eta egunero-egunero jasotzen ditugun albisteak bidaltzen ditugu hortik.
Harremana izaten ari zarete Ukrainako familiekin?
Egunero informazioa bidaltzen digute, baina ez da erraza izaten ari. Izan ere, batzuek ez daukate batere estaldura ona, beste batzuk argindarrik gabe daude, dirua ateratzeko kutxazain automatikoak suntsitu dituztenez ezin dute telefonoaren saldoa kargatu, eta abar. Aste honetan jakin dugu badagoela aplikazio bat telefonoak hemendik kargatzeko, baina denek ez dugu lortu ondo erabiltzea.
Nola daude zuekin harremana duten familiak?
Euren herrietan ezkutatuta, etxeetako sotoetan, eta abar. Kalera ez dira ateratzen, eta guk ere esaten diegu ez ateratzeko, noski.
Bestalde, orain arte Whatsapp bidez ari ginen beraiekin komunikatzen, baina esan digute mesedez ez erabiltzeko aplikazio hori, seinalea errusiarrek atzematen omen dutelako, eta ahal dutelako jakin non dauden ezkutatuta. Beraz, Telegram bidez ari gara beraiekin hitz egiten, mezuak automatikoki borratzeko aukera ematen baitizu. Era berean, esan digute mezuak ukraineraz bidaltzeko, susmoak ez pizteko.
Asko hitz egiten duzu udan ekarri ohi dituzun haurrekin?
Orain bi haur ekartzen ditut, Pavlo eta Dasha, baina lehen, Marina izeneko neska bat ekartzen nuen, orain 22 urte dituena. Horrek Kieven egiten du lan orain, eta Interneta daukanez, errazagoa da berarekin komunikatzea. Beste bi haurrek, ordea, ez daukate Internetik. Pasa den ostiralean hitz egin nuen beraiekin, hain justu, Maria izeneko ukrainar bat ezagutzen dudalako hemen, eta berak deitu zion haurren aitari, telefonoz. Ondo zeudela esan ziguten: ezkutatuta, dokumentazioa eta maleta txiki bat prest, badaezpada ere, korrika atera behar badute dena prest izateko.
Gainera, esan digute erradiazioa igotzen ari dela, errusiarren tankeak pasatzen ari direnez, kutsatutako lur guztia mugitzen ari direlako.
Oso beldurtuta daude, ez dakitelako zein izango den beraien etorkizuna. Pentsa, haur eta familia hauek lehenengo kutsadura nuklearra jasan dute, ondoren pandemia eta orain gerra hau. Pandemia mundu guztiak sufritu du, bai, baina dirurik ez daukanak ez du berdin bizi. Adibide gisa: Gabonetan hona etorri ziren, eta ez zeukaten maskararik ere; guk bidali behar izan genizkien hemendik, behintzat bidaiarako. Eta, orain, gerra hau; zeukaten gutxi hori suntsitu diete.

Albisuk bi haur ekartzen ditu azkenaldian Ukrainatik: Pavlo eta Dasha Vovk. (Argazkia: Nerea Albisu)
Zenbat denbora daramazu haurrak ikusi gabe?
Normalean, udan ekartzen ditugu, baina aurten Gabonetan ekarri ditugu, azken bi udatan ezin izan baitira etorri, pandemiarengatik. Pentsa, azkenekoz etorri zirenean 7 eta 9 urte zituzten, eta Gabonetan, 9 eta 11 urterekin, sekulako aldaketa nabaritu nuen, ez nituen ezagutzen.
Elkartetik zer egiten ari zarete?
Ezin dugu mundua salbatu, argi dago, baina behintzat ume txiki bati edo familia bati bizitza duinagoa izaten lagundu diezaiokegu. Era berean, harrera familia gehiago bilatzen jarraitzen dugu, eta familiak deitzen ditugu gure elkartearekin bat egitera, 670-41 90 78 telefonora deituta.
Orain, Europako hainbat herrialderen artean korridore humanitario bat sortu nahian gabiltza, haurrak handik ateratzeko. Kontua da adin txikikoek harrera familia bat izan behar dutela handik ateratzeko, eta horretarako kudeaketa lanak egiten gabiltza. Hala ere, gauza hauek mantso doaz. Espainiako Gobernuarekin harremanetan gabiltza, beste elkarte batzuekin batera.
Asmoa da adin txikikoak Ukrainatik ateratzea, baina ez behin betiko, gauzak pixka bat lasaitu arte baizik. Azken finean, gurasoak han geldituko dira, eta haurrek euren herrialdera itzuli nahiko dute. Horrez gain, diru asko beharko dugu etxeak berreraikitzen laguntzeko, janaria eta botikak bidaltzeko, eta abar. Horregatik, kontu korronte bat ireki dugu, Txernobylgo haurrei laguntza bidaltzeko.
Nola espero duzue bukatzea hau guztia?
Ukrainarrak oso minduta daude, eta euren herrialdea bukaeraraino defendatzeko asmoa dute; konbentzituta daude, ukrainarrak sentitzen direlako. Ulertzen dut sentipen hori, baina ez dut nahi jende gehiago hiltzea; ez dakit amore ematea den irtenbidea, baina bizitzak beste edozeren gainetik egon behar du. Ukrainak ez dauka ezer egiterik Errusiaren aurka, eta hau luzatzen bada, herri guztiak suntsituko dituzte, gure txikiak akabatuko dituzte… Ukrainak 18 urtetik gorako edonork armak hartzea baimendu du, eta Marinari galdetu nion ea berak bazeukan armarik. Esan zidan ez zuela nahi, eta horrela hobeto zela erantzun nion: ‘Errusiarrak sartzen badira eta hil nahi bazaituzte hilko zaituzte, baina behintzat zuk ez duzu inor hilko’, esan nion. Ukraina oso sartuta daukat bihotzean, baina oraintxe bertan sentitzen dudana da bizitzak edozein herrialderen gainetik egon behar duela. Ez dakit Euskal Herria horrelako eraso baten mende egongo balitz zer egingo nukeen, baina kanpotik ikusita, nahiz eta oso erraza den kanpotik hitz egitea, hori da sentitzen dudana.

