Errausketaren Aurkako Mugimenduko kide bati mozal legea aplikatu diotela salatu dute
Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) salatu duenez, bere kide bati mozal legea aplikatu dio Udaltzaingoak, 200 euroko isuna jarrita. Azaldu dutenez, pasa den irailean, Kontxako Banderan zehar, erraustegiaren aurkako pankarta zintzilikatu zuten Kontxako barandatik, urteroko legez, baina udaltzainekin tirabirak izan zituzten oraingoan: “EAM-ko kide bat bertan geratu zen, pankarta zaintzen. Udaltzainak agertu ziren, pertsona hori identifikatu eta pankarta kendu egin zuten. Horretan geratuko zelakoan, baina duela egun batzuk mozal legea aplikatu eta 200 euroko isunaren berri eman zioten identifikatutakoari, ‘higiezin publikoak desitxuratzea’ argudiatuz”.
“Pankarta Kontxako barandan zegoen, Kutxak eta Euskadiko Kirol Portuak erakundeak jarritakoen ondoan. Aipatutako pankartak Kontxa desitxuratzen baldin badu, besteek ere desitxuratuko dute, ezta? A! Baina EAM-k ez ditu estropadak babesten; hortxe arrazoia. Beraz, Donostiako Udalari ‘estropadak ez babestea’ argudioa erabiltzea eskatzen diogu”, deitoratu dute.
Bestalde, gogorarazi dute Donostia dela “azken urteotan Gipuzkoako herri guztien artean biztanleko errefus gehien sortzen duen hiria”, eta, ildo horretatik, salatu dute udalak ez duela “hiri hondakinen gaia entzun ere egin nahi”: “Ez du nahi herritarrek jakin dezaten zenbat zabor sortzen den eta nola guztia Donostian bertan errausten den”.