Espazio txikian, zerbitzu zabala
Parte Zaharreko Narrika kaleko 12. zenbakian dago Aldanondo sarraila denda, eta bere lokal txikitik, askotariko zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei: giltzen kopiak egiten ditu, konponketak egiten ditu bezeroen etxeetan eta lehen mailako garbiketa produktuak saltzen ditu, besteak beste.
Hainbat urtez Narrika kaleko sarraila denda batean lan egiten aritu ostean, establezimendu horretako jabeek erretiroa hartu zuten, eta bere negozio propioa irekitzea erabaki zuen Arkaitz Aldanondok. Hala egin zuen, eta Aldanondo sarraila denda ireki zuen, Esterlines kalean. Han egon zen bi urtez, baina duela lau hilabete inguru, Narrika kalera lekualdatu zuen denda: “Esterlines kalea pixka bat ezkutuan dago; jendea ez da hortik pasatzen, horko tabernetara joateko ez bada. Horregatik, lekuz aldatzea erabaki nuen, eta duela lau hilabete inguru etorri nintzen Narrikara. Hemendik jende asko pasatzen da, eta lau hilabeteotan aldaketa handia nabaritu dut”, kontatu du Aldanondok.
Askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu Aldanondo sarraila dendak, arduradunak azaldu duenez: “Mota askotako giltzak egiten ditugu: zerra estiloko ohikoak, segurtasun giltzak, eta abar. Horrez gain, garajeak irekitzeko urrutiko aginteak eta gertutasunezko giltzak ere egiten ari gara orain, gero eta gehiago erabiltzen direlako. Horrez gain, giltzarrapoak, bizikletentzako kandaduak, etxeetarako segurtasun sistemak eta horrelakoak ere saltzen ditugu”. Jendeak “gero eta segurtasun handiagoa” eskatzen du, Aldanondoren arabera, eta halako produktuak egiten dituzten enpresak “gero eta produktu seguruagoak eta kalitate handiagokoak” egiten ari direla azaldu du, baina nabarmendu du sarraila dendan “gama guztietako produktuak” dituztela, “maila guztietako eskaerei erantzuteko”.
Bestalde, giltzen kopiak eta bestelakoak egiteko erabiltzen dituen makina gehien-gehienak JMA marka euskal herritarrarenak direla nabarmendu du Aldanondok: “Euskal Herrian egindako produktuen kontsumoan sinesten dut, eta, horregatik, marka honen aldeko apustua egin dut. Kalitate handiko makinak dira”.
Astelehenetik ostiralera, 09:30etik 16:30era dago irekita sarraila denda, baina bere zerbitzua ez da 16:30ean amaitzen, etxez etxeko zerbitzua ere eskaintzen baitu: “Dendatik kanpo ere lan egiten dut. 16:30etik aurrera, bezeroen etxeetara joaten naiz, konponketak egitera, instalazio berriak egitera, eta abar”. 660-86 63 39 telefono zenbakira deituta eskatu daitezke zerbitzu horiek guztiak.
Akemi garbiketa produktuak ere salgai
Askotariko giltzen kopiak egiteaz, giltzarrapoak saltzeaz eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzeaz gain, Aldanondo sarraila dendan lehen mailako garbiketa produktuak ere saltzen dituzte: Akemi markakoak.
“Nire anaiak darama Akemi marka. Askotariko garbiketa produktuak ditu, eta horietako batzuk salgai jarri ditut hemen. Batez ere, auzoko tabernentzako erabilgarriak izan daitezkeen produktuak ditut salgai: kristalak garbitzeko produktuak, zoru garbitzaileak, eta abar”, azaldu du sarraila dendakoak. Ildo horretatik, auzoko ostalaritza establezimenduentzako Crystal Clean garbiketa produktu kontzentratua “bereziki erabilgarria” izan daitekeela nabarmendu du: “Botila bakar batekin, esprai formatuko 100 botila bete daitezke”. Izan ere, litro erdi ur Crystal Cleanen hamar mililitrorekin nahastuta, edozein gainazal garbitu daiteke: harria, zeramika, leihoak, plastikoak, eta abar.
Gainera, “segurua” dela nabarmendu du Aldanondok, baita arrastorik uzten ez duela, eta “higienea hobetzen” duela ere.
Auzoan, pozik
Sarraila dendakoak adierazi duenez, batez ere, “auzoko jendea” da bere zerbitzuak erabiltzen dituena, eta bizilagunak “pozik” gelditzen dira bere zerbitzuekin. Era berean, Parte Zaharrean “oso gustura” dagoela nabarmendu du.
Parte Zaharra, udan bereziki, turistaz beteta egon ohi da, baina, normalean, turistak ez dira sarraila dendetara sartzen, bestelako establezimenduak bisitatu ohi dituzte. Horregatik, hain zuzen ere, Aldanondoko bezero nagusiak Parte Zaharrekoak dira. Hala ere, Narrika kalea auzoko kale nagusietako bat dela aprobetxatu nahian, bisitariek ere eros ditzaketen produktu batzuk jarri ditu salgai Aldanondok: “Giltzatakoak, labanak, apaingarriak eta horrelako gauzatxoak ditugu salgai, dendaren sarreran. Udan hemendik jende asko ibiltzen denez, pixka bat mugimendu hori aprobetxatzeko. Izan ere, turista bat ez da etorriko giltza baten kopia bat egitera, baina kanpotik ikusten badu gauza erakargarriren bat, agian sartuko da erostera”.
Une oro negozioa nola zabaldu eta hobetu pentsatzen dabil Aldanondo, beti ere, ahalik eta zerbitzu osoena eskaintzeko, bai Parte Zaharreko zein beste auzoetako bizilagunentzat, bai ostalaritza establezimenduentzat eta bai bisitarientzat.