Hegazkin nazi bat Kontxako uretan
Gerrak, urruti gertatu arren, beti dute harremana inguruko herriekin, herritarrekin. II. Mundu Gerran zuzenean parte hartu ez arren, Donostiak nazien bisitak hartu zituen. Degrelleren moduko nazientzat leku segurua zelako, tamalez, Donostia.

1945eko maiatzaren 8an, Leon Degrelle zihoan hegazkinaren zaratak Kontxako badiaren lasaitasuna lehertu zuen.
II. Mundu Gerraren amaiera zen, Hitlerrek bere buruaz beste egin berri zuen eta sobietarrak Berlinera iritsi ziren. Nazien erregimenaren defendatzaileak ihes egiten ari ziren; tartean Degrelle eta beste bi pilotu.
Alemaniarren porrotetik ihesi, Espainia frankistan asilo bila etorri zen Degrelle nazia Oslotik (Norvegia). Europa osoa zeharkatu zuen eta erregai faltagatik, Kontxako badian lurreratu behar izan zuen.
Antza denez, Luftwaffeko Heinkel-111 hegazkineko pilotuak ezin izan zuen saihestu «hondartzaren mendebaldean ageri diren arroketako» baten aurka talka egitea, garai hartako kronika eskasen arabera. Bi frantziar ontzi atzetik zituzten eta larrialdietarako bi suziri jaurti ondoren, Urgull eta Santa Klara tartetik pasatu eta Kontxako badian zehar Igeldo mendiko magala jo ondoren, Kontxako hondartzan lurreratu ziren 250 km orduko abiaduran eta motor bat sutan zutela.
«Tahitiar biluziak»
Gertaera ikusi zuten donostiarrak, harrituta, itsasertzera hurbildu ziren bidaiariei laguntzera. Degrellek berak bere memorietan kontatzen du pasadizoa De Stalingrado a San Sebastián kapituluan: «Espainiar biluzi batzuk, tahitiarren pare, hondoratutako hegazkineraino iritsi ziren».
Istorioa ondo amaitu zen Degrelle naziarentzat: 1945eko abenduan in absentia epaitu eta heriotzera kondenatu zuten arren, Espainiak babestu egin zuen espainiar naziotasuna eskainiz. Demokraziaren etorrerak ez zuen aldaketarik ekarri, eta behin bakarrik jaso zuen isun bat holokaustoa ukatzeagatik. 87 urte zituela hil zen Malagan (Espainia). Degrellerekin zihoan pilotuetako bat Errenterian bizi izan omen zen urte batzuetan zehar.