Lamiak hirukoak 'Kaioletan loreak' singlearen bideoklipa aurkeztu du
Donostiako Lamiak rock taldeak hilaren 18an plazaratuko du Itzalak, Argiak lan berria. Orain arte hainbat abesti aurreratu dituzte, eta Kaioletan Loreak da bosgarren singlea. Bideoklip eta guzti aurkeztu dute.
Honela aurkeztu dute: “Abesti emozional bat da, arina eta laburra, baina eduki asko duena. Nahiz eta armonia bakun bat oinarritzat izan, hiru instrumentuen elkarlanak, erraztasun hori dinamismoz eta birtuosismoz mozorrotzen du, bata bestearengandik inoiz banandu gabe. Nabarmena da baxua eta bateriaren arteko bateragarritasuna, gitarrak eta ahotsak sortzen duten melodia sarearen garapena erraztuz eta abestiari forma final bat emanez. Zati instrumental batekin amaitzen da, aurretik entzun den guztiarekin hautsiz”.
Diskoa Zestoako Gaztain estudioetan grabatu dute Eñaut Gaztañagarekin. Taldea osatzen dute Ander Aranburuk (ahotsa eta gitarra), Xabi Arrazolak (baxua) eta Xabier de la Fuentek (bateria).