Sukaldaritza, paperetik Internetera, eta alderantziz
Etxeetako sukaldeak errezeta liburuz beteta egon ohi ziren lehen, baina gero eta liburu gutxiago ikusten dira sukaldeetan, jendeak Interneten bilatu ohi duelako prestatu nahi duen errezeta hori. Orain, bi munduak elkartzea lortu dute, ‘Elketa’ wikiliburuarekin.
Xabier Cañas, Iñigo Esnaola eta Xabier Alegria, 'Elketa' sukaldaritza liburuarekin. (Argazkia: Beñat Parra) Iñigo Esnaola sukaldaritza irakaslea (Lezo, Gipuzkoa, 1973), 14 urte zituela, Donostiara etorri zen ikastera, eta hutsune argi bat nabaritu zuen Euskal Herriko sukaldaritzaren munduan: “Oso inguru euskaldun batetik nentorren, eta ohartu nintzen Donostian gaztelania asko erabiltzen zela, eta gastronomian ere gauza bera gertatzen zela”. Hutsune hori bete behar zela pentsatu zuen, eta 2020an eman zuen pausoa, konfinamenduan: “Goizeko bostetan esnatzen hasi nintzen, klaseak ematera joan aurretik idazteko. Azkenerako, gauza asko nituen idatzita, baina ez nekien zer egin”.
Orduan, Euskal Wikilarien Elkarteko Iñaki Alegria (Intxaurrondo, 1957) eta Xabier Cañas (Loiola, 1975) wikilariekin hitz egin zuen, eta wikiliburu bat sortzea proposatu zioten. Proiektuari forma eman zioten hiruen artean, eta Elketa sukaldaritza liburua da horren emaitza. Alde batetik, paperezko edizioa argitaratu dute, 400 errezeta inguru eta sukaldaritzako tekniken eta osagai askoren euskarazko izenak dituena. Bestetik, eduki horrekin guztiarekin izen bereko wikiliburua sortu dute, edonorentzat eskuragarri dagoena.

‘Elketa’ liburua, paperean; 400 errezeta inguru ditu. (Argazkia: Beñat Parra)
Zer da wikiliburu bat?
“Denok ezagutzen dugu Wikipedia: entziklopedia libre eta kolaboratzaile bat da, denon artean osatzen duguna. Wikipedia Wikimediaren barruan dago, eta Wikimediaren beste atal bat da Wikiliburuak. Eskuliburuak sortzeko gune egokia da, eta sukaldaritza liburu bat oso aproposa da horretarako”, azaldu du Cañasek. Horrela, Elketa wikiliburuan, errezeta, teknika edo osagai bakoitzean klik eginda, bakoitzaren inguruko azalpenak eta argazkiak daude kontsultagarri. “Beste hizkuntza batzuetan bazituzten sukaldaritzari buruzko wikiliburuak. Orain, euskaraz ere badaukagu hori”. Eu.wikibooks.org atarian kontsultatu daiteke wikiliburua.
Bestalde, Cañasek gaineratu du Elketa-k “ekarpen handia” egin diola euskal wiki munduari: “Oso erabilgarria da. Adibidez, errezeta batean jartzen badu arrautza bat galdarraztatu behar dudala, eta ez badakit zer den galdarraztatzea, hitz horretan klik egin dezaket eta azalpenera eramango nau, argazki eta guzti”.

‘Elketa’ wikiliburua; astero errezeta eta osagai bana nabarmentzen dute.
Era berean, wikiliburuak paperezkoak baino aukera askoz gehiago irekitzen dituela nabarmendu du Alegriak: “Proiektu irekia da, eta beti handitzen eta zabaltzen jarraitu dezakegu. Esaterako, orain Iñigok bere ikasleekin liburuko errezetak egiten baditu, bideoak egin ditzake, eta wikiliburua bideo horiekin osatu. Horrez gain, ni orain tematuta nago aplikazio bat sortzearekin, wikiliburu honetatik abiatuta”.
Esnaola ere Elketa osatzen jarraitzeko gogotsu agertu da: “Momentuz, argitaratuta dagoena zuzentzen joateko asmoa daukat, baina, aurrera begira, wikiliburua osatzen joan nahi dut, bereziki osagaien atala”.
Euskara, Wikimedian indartsu
Hizkuntza gutxitua izanik, Wikimediaren munduan euskara egoera onean dagoela nabarmendu du Cañasek: “Hizkuntza bakoitzak bere Wikipedia dauka, eta 300dik gora Wikipedia daude. Artikulu kopuruaren arabera sailkatzen baditugu, euskara 31. postuan egongo litzateke, 384.000 artikulu ingurekin. Hau da, milioika hiztun dituzten eta estatu hizkuntzak diren hainbat hizkuntzaren aurretik dago. Zentzu horretan, euskara eredu da beste hainbat hizkuntza gutxiturentzat”. Pozik agertu da Cañas, haren arabera, euskararen moduko hizkuntza batentzat, “oso garrantzitsua” baita gauzak “modu kolaboratzailean egitea. Izan ere, Elketa-rekin egin duguna dirutan ordaindu beharko bagenu, ezingo genuke, ez dago dirurik horretarako. Ordea, Iñigok militantziaz liburua egiten badu, eta beste batzuen esku uzten badu osatzea, elkar elikatzen dugu”.

