"Emakume langileok pobrezia egoerara kondenatuta gaude"
200 lagun inguru batu ditu Donostiako Itaia sareak emakume langilearen nazioarteko egunean. Emakume langilearen aldeko eta burgesiaren kontrako oihuak izan dira nagusi Gipuzkoa Plazan egin duten elkarretaratzean.
Emakume langileen lan eta bizi baldintzen okertzeaz hitz egin dute: langabezia, soldaten beherakada eta bizitzaren garestitzea aipatu dituzte. Zaintza zerbitzuen murrizketa eta pribatizazioak, zaintza lanen karga asko etxera bueltatu direla uste dute, emakumeen bizkar utziz. “Emakume langileok pobrezia egoerara kondenatuak gaude”.
Hipersexualitatea izan du hizpide Itaia sareak martxoaren 8ko lanketan. Kultur industriak “emakumeon muturreko sexualizazioa indartzen du, zapalkuntza bera indartuz”.
Ezkerreko alderdien proposamen feministak kritikatu dituzte: “Guztiok eskubide berak izatea aldarrikatzen duten eta aberastasunaren birbanaketa bat galdegin, emakume langileak askatzeko ezintasuna dago guzti horren atzean”. Instituzioak “burgesiaren menpekoak” direla uste dute, eta oligarkiak berdintasuna sustatzeko inongo interesik ez duela argi dagoela adierazi dute: “Beraien diru-mailegurik gabe gutxi egin dezakete ezkerreko alderdiek ogi apurrak kudeatzeaz harago”.
Itaiaren arabera, aldiz, “emakume langileon zapalkuntza harreman kapitalistetatik eratorritako egiturazko” zapalkuntza da, eta soilik Estatu Sozialistaren bitartez gainditu ahalko da.