Hezkuntza feminista baten alde mobilizatu dira
Erraustu plataformak antolatuta, hainbat ikasle mobilizatu dira Ibaetako campusean. (Argazkia: Beñat Parra) Erraustu plataformak deituta mobilizazio feminista egin dute Ibaetako campusean, hezkuntza feminista baten alde, Zapaltzen gaituen sistemari sua! Antolakuntza feminista gure garra! lelopean. 10:0oak aldera abiatu dira aulariotik, eta manifestazioa hastearekin batera, Estudiantes en Lucha antolakundeak astelehenean borroka feministaren aurka jarritako pankarta handi bat bota dute. Campusean barrena ibili dira, eta, besteak beste, “gora borroka feminista” eta “hezkuntza patriarkalari sua” oihukatu dute.
Majisteritzan amaitu dute mobilizazioa, eta bertan irakurri dute manifestua. “Campusak hartu ditugu, egungo unibertsitatearen sistemak, sistema kapitalista heteropatriarkala erreproduzitzen jarraitzen duelako, honetarako funtsezko tresna izanik. Campusak hartu ditugu honengatik eta beste mila arrazoirengatik, neska* ikasleon ahotsa entzun dezaten!”, aldarrikatu dute. Era berean, “hezkuntza feminista” baten aldeko apustua egin dute: “Edukietan, emakumeen* teoriak ikasi nahi ditugu, bestelako errelato batzuk ere ikasi. Benetan hezitzailea izango den unibertsitatea behar dugu, ikasketa prozesuak pertsona ororen emantzipazioa ahalbidetuko duena. Sistema kapitalistarentzat funtsezkoak diren baloreak transmititzen ditu hezkuntzak, unibertsitatean profil homogeneoak bultzatuz eta gizartearen bazterretan dauden pertsonak ikusezin bihurtuz”.
“Unibertsitateak ikasketa zein lan feminizatuak bultzatzen dituen sistema elikatzen eta erreproduzitzen jarraitzen” duela salatu dute Erraustukoek. “Hezkuntzan eta unibertsitatean ere, sisteman gertatzen den moduan, duintasun eza eta prekarietatea presente daude. Unibertsitate zapaltzaile baten aurrean erantzun garbia, autodefentsa feminista!”, gaineratu dute. Horrez gain, antolatzeko beharra nabarmendu dute: “Indibidualizatuak eta sumisioak nahi gaituen sistemaren aurrean, neska* ikasleok komunitatea ehuntzeko hautua egin dugu, elkar zaindu gaitezen”.

