LABek elkarretaratzea egin du zaintzaileen eskubideak aldarrikatzeko
LAB-ek elkarretaratzea egin du zaintzaileen eskubideak aldarrikatzeko. (Argazkia: Sara Ibarguren) LABek deituta, zaintzaz arduratzen diren 100 langile inguruk elkarretaratzea egin dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Bultza! Zaintzaileen lan baldintzei zioen pankarta baten atzean bildu dira, martxoak 8 dela-eta, peto moreak jantzita. “Emakumeon jarrera irmoa adierazi nahi dugu gure lan baldintzen alde eta gure eskubideen alde”, adierazi dute. Gogoratu behar da aurtengo mobilizazioen leloa zaintza sistema publikoa indartzea dela, eta Donostian manifestazio orokorra 18:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik.
Zaintzaren sektoreko langileek pairatzen dituzten “lan baldintza prekarioak” salatzeko elkartu dira aldundiaren aurrean, batez ere, zaintza arloko lan konkretu batzuetan dauden kolektibo batzuk pairatzen dituzten “ia esklabutzazko lan baldintzak” salatzeko. Zenbait datu ere eman dituzte: “2017an EAE mailan 370 erresidentzia baldin bazeuden, horietatik 277 pribatuak ziren. Gipuzkoan ere horrela dela ikusten dugu, duela hogei urte baino gehiago zeuden helduen egoitzetatik %50 publikoak ziren, eta poliki-poliki egoera okertuz joan da, harik eta gaur egunean, 65 erresidentzia dauden eta horietatik hamasei bakarrik diren publikoak”, azpimarratu dute.
Adierazpenak egin ostean, bertaratu direnek kate luze batean lotu dituzte eskuak eta zaintza publikoaren aldeko aldarriak egin dituzte ozen.

