Su emango diote sistema zapaltzaileari
2021eko martxoaren 8ko manifestazio feminista. (Argazkia: Jon Xabier Zabala) Iritsi da eguna, martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta mugimendu feministak Donostiako kaleak beteko ditu beste behin ere, Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra lelopean. Berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde, “sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista kiskali” nahi dute, “bizitzeko moduko mundu bat eraikitzeko”, Donostiako Asanblada Feministakoen hitzetan. Manifestazio orokorra 18:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik. Udalak mobilizazioarekin bat egin du.
Itaiak ere bere mobilizazio propioa antolatu du Donostian, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean. 18:00etan elkarretaratuko dira, Gipuzkoa plazan.
Goizean ere mobilizazioak
Arratsaldeko mobilizazio handien aurretik, ordea, badira beste batzuk goizean ere. 10:00etan, Erraustuk deituta, neska* ikasleek mobilizazioa egingo dute aulariopetik abiatuta.
Intxaurrondon V. Berdintasunaren Aldeko Martxa egingo dute, 10:30ean Buztintxulo kaleko Intxaurrondo Berri elkartetik abiatuta. Elkarte horrek antolatu du martxa, eta auzoko kaleetatik ibili ostean, 12:00etan amaituko dute, Bulebarrean.
Sindikatuen mobilizazioei dagokienez, zaintzaren alorrean jarri dute fokua ELAk eta LABek. Gipuzkoa plazan elkarretaratuko dira LABekoak 11:00etan, aldundiaren aurrean, zaintzaileen lan baldintzen alde. ELA, aldiz, zaintzaren arloko langileekin mobilizatuko da 12:00etan, Kursaaletik abiatuta.
Bestalde, udalak 11:30ean irakurriko du martxoaren 8ko erakunde adierazpena, udaletxeko prentsa aretoan.

