Añorgatxikitarrak auzo elkarteak udalari galdegin dio ea noiz jarriko duen Añorga Txikiko igogailua
Donostiako Udalak igogailu bat eraikiko du Egiako Alaialde auzunean. Erabaki horren harira, Añorgatxikitarrak auzo elkarteak adierazi du udala ez dela 2017ko Mugikortasun Bertikalaren Plana betetzen ari. “Planak 26 lokalizazio aztertu ditu hainbat auzotan, baina Alaialdeko igogailu hori ez dago jasota. Lau urte hauetan, ez dira bete planean ezarritako beharrak, baina udalak 400.000 euro ditu bere planean aurreikusi gabeko igogailu bat egiteko”.
Auzo elkarteak “ez du zalantzarik” Alaialdeko bizilagunek igogailu bat behar dutela, baina gainerako kokapenekin zer gertatzen den galdegin diote udalari: “Zer gertatzen da planak zehaztutako beharren zerrendan lehenak dauden Heriz pasealekuko igogailuekin? Añorga Txikikoa seigarren dago zerrendan eta ez du 400.000 euroko kostua, noiz egingo da?”.