Kasilda Hernaez anarkistaren omenezko antzezlana aurkeztuko dute Donostian
Goitibera Antzerkiak Kasilda Hernaez Vargas anarkista eta feministaren (Zizurkil, Gipuzkoa, 1914 – Biarritz, Lapurdi, 1992) inguruko obra bat aurkeztuko du Donostian: Kasilda, bukatzen ez den sua. Hain zuzen ere, Hernaezen Biarritzeko hilarrian agertzen den esaldia dakar gogora: “Andra! Zu zera bukatzen ez den sua!”.
Antzezlanak Hernaezen bizimodua du ardatz: “36ko gerran, eta bere bizitza osoan zehar, ideia libertarioen eta bizimodu natural baten alde borrokatu zen. Antzezlan honetan bere bizipenetatik bidaiatuko dugu sentimendu hori jarraitzera bultzatu zuena bilatu nahian”, adierazi dute sortzaileek.
Donostiako Egia auzoan eman zuen bere bizitzaren zati handi bat, eta bikotekide izan zuen Felix Likiniano. Antzezlanaren lehen zatian, hain zuzen ere, Kasildaren bizitza kontatzen duen planoa dago: “Kasilda emakumeen lantegi batean greba egiteagatik atxilotu zuten. Zurriola hondartzan nudismoa egiteagatik ezaguna izan zen. 1934ko urriko greba iraultzailean 29 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Donostia faxisten aurka defendatu zuen. Fronteko lehenengo ilaran borrokatu zuen. Pirinioetan barrena muga pasa zuen eta kontzentrazio esparruetan egon zen. Bordelera joan zen bizitzera eta bere etxea frankismoaren eta nazismoaren aurkako erresistentziaren gune izan zen, ‘euskal kontsulatua’ izenez ezaguna izan zen. Baina historiaz harago istorioari emango zaio garrantzia, Kasildaren izaera ezagutzera emango digun istorioa”.
Emanaldia ostegunean izango da, 19:30ean, Antzoki Zaharrean, eta sarrerak salgai daude Donostia Kulturaren ohiko salmenta guneetan eta webgunean.
Berria egunkariko Agus Perez kritikariak Kasilda, bukatzen ez den sua obrari buruzko kritika idatzi du.

