Sanchez prest agertu da Mikel Zabalzari buruzko dokumentuak desklasifikatzeko
Aitor Esteban EAJko diputatuak Mikel Zabalzari buruz galdetu dio Espainiako Kongresuko plenoan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Eusko Jaurlaritzak Zabalza estatu indarkeriaren biktima gisa onartu berritan. Estebanek galdetu dio ea Zabalzari buruzko informazio sekretua argitara aterako duen, eta Sanchezek esan dio ez duela Jaurlaritzaren ebazpenik baloratuko. Hala ere, “bermatu” egin du “Espainiakoren moduko zuzenbide estatu batean, aitortza hori beharrezkoa bada, autoritate judizialen partetik ondorioren bat eratorri beharko dela; eta ez dudarik izan hori gertatuko dela”. Ildo horretatik, justiziak Zabalzari buruzko dokumentuak desklasifikatzeko eskatuko balu eta horiek existituko balira, gobernuak justiziarekin “kolaboratuko” lukeela, eskaera betez. Gogoratu behar da Fernando Grande-Marlaska Espainiako barne ministroak dokumentu horiek desklasifikatzeari uko egin ziola iazko martxoan.
Sanchezen erantzunaren ondoren, Estebanek bigarrenez egin dio galdera Espainiako Gobernuko presidenteari, baita nabarmendu ere Zabalzaren kasua “enblematikoa” dela. Eusko Jaurlaritzaren erabakiaz gain, EAJkoak gogorarazi du Zabalza eta harekin atxilotutakoak ez zirela ETAkoak, Nafarroako Parlamentua ados jarri zela kasuaren inguruko eztabaidan eta kasuari buruzko “grabaketa esplizituak” daudela, CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buru Alberto Perote eta Guardia Zibileko kapitain Pedro Gomez Nietoren arteko elkarrizketaren grabazioari erreferentzia eginez. “Eskatzen dizut familiari ez diezaiozuela esan garai hartan Guardia Zibilak Mikel Zabalzaren amari esan ziona, objektu galduetara joateko bere semearen bila, alegia”, gaineratu du Estebanek.
Sanchezek adierazi du Sekretu Ofizialen Legearen erreforma tramitazio parlamentarioan dagoela orain, eta zuzenketak egiteko epeak luzatu dituztela. Era berean, gobernuak harago joateko asmoa duela nabarmendu du, informazio klasifikatuari buruzko lege bat lantzen ari direla jakinaraziz; lege proiektua 2022an aurkeztu eta tramitatu ahal izatea espero du Sanchezek. Presidentearen arabera, lege horrek klasifikazio mailak arautuko ditu, baita informazioa klasifikatzeko ahalmena duten organoak eta epeak zehaztuko dituela ere.