Udalak 583.000 eurotik gora gastatu zituen Gabonetako argietan
Donostiako Udalak 583.742,15 euro gastatu zituen 2021eko Gabonetako argiztapenean, udaleko kontratazioen jarraipenerako batzordeko datuen arabera. Naiz hedabideak batzorde horretako datuak kontsultatu ahal izan ditu, eta bere webgunean argitaratu du informazioa. Ordea, ia 600.000 euro horietan ez dago sartuta argindarraren kontsumoaren gastua, beraz, Gabonetako argietatik eratorritako gastuak altuagoak dira berez.
Aipatu batzordeko datuetan, diru sarreren berri ere ematen da: udalak 328.593 euro ingresatu zituen Gabonetan, besteak beste, Basquetour erakundetik (80.000 euro) eta ostalaritzaren, merkataritzaren eta eraikuntzaren arloetako hainbat enpresetatik (Campezo, Amenabar eta Moyua, esaterako).
Gastuetan, hiru atal
Gabonetako argietako gastu nagusiak hiru ataletan banatuta daude: Frantzia pasealekuko azokako apaingarrien eta argien atala, hiriko Gabonetako argiztapen orokorrarena eta Maria Cristina hotelaren kanpoaldeko argiztapenarena. Hiru atal horiez gain, 2021eko Gabonetako berritasuna dago: Santa Klara irlatik egunero egiten zuten argi ikuskizuna. 116.000 euroko aurrekontua aurreikusi zuen udalak ikuskizun horretarako, baina, azkenean, 98.147 eurotan adjudikatu zuen.
Frantzia pasealekuko azokako apaingarrien eta argien atalari dagokionez, 179.092,10 eurokoa zen lizitazioaren gehienezko aurrekontua, baina, azkenean, 172.823,87 euroan adjudikatu zuten. Besteak beste, Urumea ibaiaren gainean zintzilik jarri zituzten argiak eta Maria Kristina eta Santa Katalina zubietan jarri zituztenak sartzen dira atal horretan.
Bigarren atalerako, 246.593,16 euro aurreikusi zituen hasieran udalak, eta azkenean 237.962,40 euroan adjudikatu zen. Atal horretan sartzen da, besteak beste, Alderdi Ederren jarritako Gabonetako bola erraldoia, 42.955 euroko aurrekontuarekin.
Azkenik, Maria Cristina hoteleko Gabonetako argiztapenaren atalari dagokionez, udalak 74.808,88 euro gastatu zituen hiriko eraikin historiko hori kanpotik argiztatzeko. Hotela udalaren jabetzakoa da, baina Starwood Hotels nazioarteko hotelen kateak kudeatzen du.