Arriola pasealekuan jarriko duten ostatuaren kontra agertu dira bizilagunak
Antiguako Arriola pasealekuan, eraikin baten sotoa berritzen ari dira ostatu bihurtzeko. Zehazki, Liderko Hostel enpresa 15., 17., 19. eta 21. zenbakietako sotoa da egokitzen ari da. 15. eta 17. zenbakietako bizilagunak elkartu eta ostatuaren proiektua gaitzetsi dute. Era berean, salaketa bat jarri dute dagokion epaitegian.
“Gure ustez, proiektu horrek ez du betetzen hirigintzako plan orokorrean jasotako araudia; ez-betetze hori frogatuta dago hiriko bi arkitekto elkargokidek egindako bi peritu azterlanetan. Azterlan horiek erakusten dute lokal horren ezaugarriak ez direla bateragarriak proposatzen den jarduerarekin. Hala eta guztiz ere, Donostiako Udaleko hirigintzako zinegotzigoak obrak egiteko lizentzia eman du, eta, aldi berean, auzokideok defendatzen dugun iritzia eta jarrera gutxietsi”.
Horrez gain, adierazi dute ez daudela ados negozio turistiko hori abian jartzearekin: “Ulertzen dugu gure auzoko bizigarritasuna eta bizikidetza erabat hondatuko liratekeela martxan jarriz gero, hiri honetan eta beste askotan hamaika aldiz frogatu den moduan”.
Gazteentzako 220 ohe
Manzisidor gimnasioa zegoen lekuan, gazteentzako 26 gela handi eta 220 ohe izango dituen ostatua jarri nahi dute. Donostiako Udalak uztailaren 19an baimendu zion obra Liderko Hostel enpresari. Lanak egin eta lokala gaitu ondoren, jardueraren aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu beharko dute.