"Euskal kantua zerbait primitiboa da, denok batzen gaitu"
Edozein bazkaritan egoten da kafea eta kopak eskatzeko unearen zain egoten denen bat, baina ez bazkalondoko solasaldiarengatik, gitarra hartu eta inork eskatu ez dizkion abesti horiek kantatu nahi dituelako baizik. Elkartean daude, eta pozik dago, bere momentua heltzen ari delako: “Platerak jasota, kafeak eskatuta eta ardotxoa burura igotzen. Badakizue zer esan nahi duen horrek, ezta? Adiskide bat bazen…“. Hasi da, eta dagoeneko ez du inork geldituko, akabo bakea. Atzean Zuloakoek topatu dute sekula oholtza batera igo gabe, bere burua euskal musikaren izartzat duen hori: Bazkalondoko izarra.
Dioenez, euskal kantua “zerbait primitiboa” da, “denok batzen gaituena”. Baieztapen horrekin pozik ez, eta Jon Maiaren hitzak bere egiten ditu: “Kantu bat gara!”. Ez pentsa soilik klasikoak jotzen dituenik, “musika garaikidea” ere jotzen du: “Adibidez, hit berriena: Amorerik eman gabe…“. Berak, behintzat, ez du amorerik emango eta ez dauka isiltzeko asmorik: “Spotify onena barru-barruan daukaguna da”.
Bosgarren denboraldia
Bosgarren denboraldian murgilduta dago Atzean Zuloa, eta beste sei bideo argitaratu dituzte dagoeneko: Kriptoanaia, Konkistatzailea, Landarezalea, Etxejabea, Mallot horia eta Azkena. Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrek gorpuzten dituzte Atzean Zuloaren pertsonaiak. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da, eta 2018an hasi ziren umorezko esketxak egiten.