"Undergroundak kristoren ostia hartu du. Oso arraro dago dena"
2012an lehertu zuten eszena Niña Coyotek eta Chico Tornadok euren zuzeneko indartsu eta ikusgarriarekin. Bi lagun oholtza gainean, egin zitekeenaren mugak hautsiz. Koldo Soret (Intxaurrondo, 1976) eta Usua de la Fuente (Parte Zaharra, 1982) talde mordo batetik pasa ondoren iritsi dira beren proiekturik arrakastatsuenera. Bihar kaleratuko duten diskoan, bikote elektriko eta energikoak ohiko rock astunari punk ukitu eman dio, eta gutxi balitz, cumbia-surf estiloan nabigatu dute lehen aldiz, Don Condor eta Ñora Alacran izenak erabilita. Bihar kaleratuko dugu euren proiektu berriari buruzko elkarrizketa astekarian eta webgunean.
Nor dira Don Condor eta Ñora Alacran?
Koldo Soret (K.S.): Niña Coyoteren eta Chico Tornadoren alter egoak dira Don Condor eta Ñora Alacran.
Usua de la Fuente (U.F.): Gureak ez, e, beraienak; gure alter egoen alter egoak. Niña Coyotek eta Chico Tornadok egin zuten bira batean Guadalajarako (Mexiko) cumbia mugimenduarekin flipatu egin zuten, eta beti pentsatu dute noizbait cumbia talde bat egingo zutela. Lehen kanta ere bidaia horretan sortu zen, 2016an.
Cumbia mugimendu horretatik zerk eman zizuen arreta?
U.F.: Elektro-cumbia DJak ikusi genituen eta sortzen zuten giroa zen gehien gustatzen zitzaiguna: trantze moduko bat, ordutan zehar dantzatu dezakezuna. Konfinamenduan, munduko irratien app batera engantxatu ginen. Eta musika afrikar basatia jartzen duen Nigeriako irrati batez gain, Kolonbiako Todo Cumbia irratia entzun genuen gelditu gabe.
K.S.: Cumbia tradizionala ikertzen hasi ginen, eta hor eskusoinua agertu zen. Nik txikitan jotzen nuen, eta ganbarara igo nintzen hauts artetik nire eskusoinu zaharra erreskatatzera. Uhalak ustelduak zituen eta Usuak berri batzuk egin behar izan zizkion.
U.F.: Cumbia stonerra eta cumbia rebajada mugimendua ezagutu genituen gero. Hortik doa gehiago gurea, astunagoa, erritmoa moteldua.
K.S.: Surf estiloa asko-asko maite dugu ere, eta hau atera zaigu azkenean.
Dantzaren ideiarekin jarraituta, faltan botatzen al duzue hemen?
U.F.: Guk dantza nahikotxo egiten dugu, egia esan.
K.S.: Gaur egungo gazteek musika oso dantzagarria egiten dute eta entzuten dutela esango nuke. Gauzak aldatu dira.
U.F.: Egia da, azken bi urteotan asko bota dugula faltan dantza egitea. Literalki debekatuta egon da dantza egitea, BOEn. Oso surrealista izan da. Faltan bota izan dut, eta faltan botatzen dut Mojo Working jaialdia, adibidez. Konfinamendu zerri hori iritsi zen asteburuan ziren egitekoak eta auskalo noiz itzuliko den. Soula dantzatzeko lekuak faltan botatzen dira, baina hori zaharren gauza da, eta normala ez egotea, dinosaurotzen goaz, eta gure ohiturak baita ere [barrez].
Elkarrizketa osoa bihar astekarian eta www.irutxulo.hitza.eus-en.