Donostiarrena, sekulako garaipena
1940ko ekainaren 18an, saskibaloiak oraindik arrakasta handirik ez zuenean, Falangearen Donostiako emakumezkoen taldeak Espainiako txapeldun izatea lortu zuen Martuteneko Campos Eliseos-en Bartzelonaren aurka jokatu zuten partidan garaipena erdietsi ostean.
Tere Lacort, Lolita Claraco, Mertxe Lacort, Carmen Albero eta Carmen Adarraga jokalariak. (Argazkia: Kutxateka) Saskibaloiak ez zuen gaur egun duen ospea 1940an, Donostian. 36ko gerraren ondorioz hartu zuen lekua hiriko kirol-agendan, eta 1938an hasi ziren lehenengo partidak jokatzen La bombonera izenez ezagutzen zen Groseko pilotaleku berrian. Hasiera batean, saskibaloia emakumezkoen kiroltzat hartzen zen, gizonek 1941era arte ez baitzuten jokatzen.
36ko gerra amaitu zenean, saskibaloia erregimenaren intereseko kirol bilakatu zen eta Falangearen Emakumezkoen Sekzioa arduratu zen hori zabaltzeaz. Horren harira, Bartzelonan emakumezkoen kirol txapelketa bat antolatu zuten, eta Donostiak bi talde bidali zituen –bata, saskibaloikoa, eta, bestea, hockeykoa–. Hockey taldeak lehenengo postua erdietsi zuen, eta saskibaloikoak, berriz, bigarrena. Sailkatu ziren taldeek Emakumezkoen Saskibaloiko Espainiako Txapelketa jokatu zuten 1940ko udan, eta donostiarrek 70-5 irabazi zioten Almeriari, 28-6 Burgosi eta 16-15 Madrili. Ekainaren 16an txapelketako finalerdia jokatu zen Martuteneko Campos Eliseos-en eta donostiarrek 86-2 irabazi zuten Cordobaren aurka.
Finala ekainaren 18an jokatu zuten, Martutenen bertan. Lehen unetik donostiarrek euren nagusitasuna erakutsi zuten Bartzelonaren aurka, eta, azkenean, 15-5 irabazi zuten gipuzkoarrek, Espainiako txapeldun bihurtuz.
Zeresana prentsan
Garaiko tokiko prentsak gorazarre egin zion talde donostiarrari azken partidaren harira: «Tere Lacort, kapitaina, oso jokalari arriskutsua eta goleatzaile paregabea da», zioen ohar batek. «Carmen Adarragak bizitasun handia du, eta golak zehaztasun handiz prestatzen ditu», beste batek. «Carmen Albero, nahiz eta oso gaztea izan, lehen mailako jokalaria da», adierazi zuten.

