"Energia handia dugu, eta energia hizkuntzaren gainetik doa"
2012an lehertu zuten eszena Niña Coyotek eta Chico Tornadok euren zuzeneko indartsu eta ikusgarriarekin. Bi lagun oholtza gainean, egin zitekeenaren mugak hautsiz. Koldo Soret (Intxaurrondo, 1976) eta Usua de la Fuente (Parte Zaharra, 1982) talde mordo batetik pasa ondoren iritsi dira beren proiekturik arrakastatsuenera. Gaur kaleratu duten diskoan, bikote elektriko eta energikoak ohiko rock astunari punk ukitu eman dio, eta gutxi balitz, cumbia-surf estiloan nabigatu dute lehen aldiz, Don Condor eta Ñora Alacran izenak erabilita. Egian duten ezkutalekuan egin dugu elkarrizketa.
Nor dira Don Condor eta Ñora Alacran?
Koldo Soret (K.S.): Niña Coyoteren eta Chico Tornadoren alter egoak dira Don Condor eta Ñora Alacran.
Usua de la Fuente (U.F.): Gureak ez, e, beraienak; gure alter egoen alter egoak. Niña Coyotek eta Chico Tornadok egin zuten bira batean Guadalajarako (Mexiko) cumbia mugimenduarekin flipatu egin zuten, eta beti pentsatu dute noizbait cumbia talde bat egingo zutela. Lehen kanta ere bidaia horretan sortu zen, 2016an.
K.S.: Ideia aspalditik dago, baina beti izan da txantxa moduko bat. Iaz hasi ginen benetan probatzen, ea zer ateratzen zen.
Cumbia mugimendu horretatik zerk eman zizuen arreta?
U.F.: Elektro-cumbia DJak ikusi genituen eta sortzen zuten giroa zen gehien gustatzen zitzaiguna: trantze moduko bat, ordutan zehar dantzatu dezakezuna. Konfinamenduan, munduko irratien app batera engantxatu ginen. Eta musika afrikar basatia jartzen duen Nigeriako irrati batez gain, Kolonbiako Todo Cumbia irratia entzun genuen gelditu gabe.
K.S.: Cumbia tradizionala ikertzen hasi ginen, eta hor eskusoinua agertu zen. Nik txikitan jotzen nuen, eta ganbarara igo nintzen hauts artetik nire eskusoinu zaharra erreskatatzera. Uhalak ustelduak zituen eta Usuak berri batzuk egin behar izan zizkion.
U.F.: Cumbia stonerra eta cumbia rebajada mugimendua ezagutu genituen gero. Hortik doa gehiago gurea, astunagoa, erritmoa moteldua.
K.S.: Surf estiloa asko-asko maite dugu ere, eta hau atera zaigu azkenean.
Eta izena?
U.F.: Tijuanatik Mexicalira bidean dagoen basamortu horretan sortu zen izena. Guadalajarako tipo bat gerturatu eta izena galdetzean. Nik Usua erantzun nion, eta berak esan zidan: «Zein izen arraroa, zer esan nahi du?». «Paloma en euskera». Eta Koldori, «zuk nola duzu izena? Condor? Qué chingón!». Eta hor esan zigun: «Jada baduzue izena hurrengo talderako!».
Eta orduan Niña Coyote eta Chico Tornado nor dira? Bien arteko harremana zein da?
U.F.: Don Condor eta Ñora Alacran dira Niña Coyote eta Chico Tornadoren alter egoak dira, gauzak beste modu batera egin ahal izatea ahalbidetzen dietenak. Azkenean hauek badute ibilbide bat, nortasun bat, eta hori pikutara bidali gabe nahi duguna egiteko aukera ematen digute. Coyote eta Tornado ez ditut ikusten cumbia egiten, baina guk gogoa genuen. Beraz, nahi duguna egiteko pasaporte bat da hau.
«Pisteatzea gustatzen zait» da kanta baten izena. Dantza falta al da Euskal Herrian?
U.F.: Hor nahasmen txiki bat dago. Izan zitekeen pistan dantza egitean, baina pisteatzea Mexikon edatea da. Edatea, baina lagunekin. Hori da egin genuen lehen kanta, bertan ginenean eta horregatik da gazteleraz.
K.S.: Hurrengo esaldia da: «Por qué me dejaste, por qué? Por celular». Pixka bat txantxa moduko kanta bat da dena. Aurreko lanetan gauzak serioagoak direla dirudi, hemen libreago ibili gara.
Dantzaren ideiarekin jarraituta, faltan botatzen al duzue hemen?
U.F.: Guk dantza nahikotxo egiten dugu, egia esan.
K.S.: Gaur egungo gazteek musika oso dantzagarria egiten dute eta entzuten dutela esango nuke. Gauzak aldatu dira.
U.F.: Egia da, azken bi urteotan asko bota dugula faltan dantza egitea. Literalki debekatuta egon da dantza egitea, BOEn. Oso surrealista izan da. Faltan bota izan dut, eta faltan botatzen dut Mojo Working jaialdia, adibidez. Konfinamendu zerri hori iritsi zen asteburuan ziren egitekoak eta auskalo noiz itzuliko den. Soula dantzatzeko lekuak faltan botatzen dira, baina hori zaharren gauza da, eta normala ez egotea, dinosaurotzen goaz, eta gure ohiturak baita ere [barrez].
«Gizakia bere hilobia lantzen». Anestesia gogora ekarri dit.
K.S.: Bai, bertsio bat da eta! Riffa bera da, eta melodia saiatu gara ere mantentzen.
U.F.: Mikel Anestesiari [Mikel Kazalis] erakutsi genion eta kostatu zitzaion ezagutzea, egia esan. Anestesiaren oso-oso zaleak gara, Erantzun diskoa osorik dakigu, kolpez kolpe.
Bestalde, oso nahasketa zaleak gara, eta Kolditok badu super botere bat kantak moldatzeko. Pentsatu zuen, eta probatu genuenean ederki zihoakiola ikusi genuen, eta aurrera!
Euskal Herria tropikalagoa izateko beste urrats bat da lan hau?
K.S.: Izan daiteke, bai. Hala ere, nik uste dut musikari dagokionez, behintzat, azken urteotan asko irekitzen ari dela Euskal Herria estilo ezberdinei.
U.F.: Hemen zegoena gordetzeko ahalegin moduko bat egon da. Azken urteotako globalizazioaren alde onetako bat hori izan da, denok galdu dugula nahasteko beldur hori. Polita da nahastea, zeren, gainera, ez duzu galtzen zurea den nortasun edo izaera hori.
K.S.: Gaur egungo gazteak hortik doaz asko. Guri ez zitzaigun sekula bururatuko orain dela hogei urte euskara eta gaztelera nahastea. Hori oso markatua zegoen guretzako. Oraingo talde askok hizkuntzak nahasten dituzte ezberdin eta berriekin. Gustuko ditugun edo ez beste kontu bat da, baina niri onuragarria iruditzen zait.
Nola joango dira elkarrekin bi taldeak?
U.F.: 1990eko hamarkadako taldeen antzera, split bat da diskoa. Talde bakoitzak alde bat du, baina printzipioz, zuzenekoetan ez dugu biak nahasteko asmorik. Niña Coyoteren bira da prestatu duguna, eta horrekin goaz aurrera. Ikusiko dugu denborarekin beste bi elementuek zer egingo duten.
Izan ere, orain arte beti ibili gara kontu handiarekin egiten genuen hori errealitatera eraman ahal izateko. Dena bion artean egin ahal izatea, alegia. Baina Don Condorrek eta Ñorak denaz paso egiten dute. Geruza pilo bat daude, instrumentu gehiago, eta hori bien artean egitea oso zaila da.
K.S.: Don Condorren diskoan dena jota dago. Argi genuen ez genituela erritmo sampleatuak erabili nahi, dena jo nahi genuen.
U.F.: Nork daki aurrera begira zer. Ñorak esaten duen bezala, diruarekin edozer egin daiteke [barreak].
Bi bideoren bitartez aurkeztu duzue diskoa.
K.S.: Azken momentura arte pixka bat sekretuan mantendu dugu Ñora eta Condor nor ziren. Beste talde batekin joko genuela esaten genuen, eta jendeak galdetu egiten zigun ea gu ginen edo nor ziren besteak eta abar. Banaketa egiteko bideoklipetan beste modu batean irudikatu nahi izan dugu ere.
U.F.: Orain telesailen aroa da, eta guk ere ekarpena egin dugu, bi kapituluko sail bat aurkeztuz.
Beti bezala, lagunek parte hartu dute diskoan.
K.S.: Alde batetik Ioritz Apaolaza gure laguna izan dugu. Sekurokrazia kantan letra egin du. Beti egon da gurekin Ioritz, disko guztietan letraren bat emanez. Karlos Osinagak abestu zuen Eguzkiari itxoiten-en. Tarantula-ren letra Harkaitz Canorena da, eta Dantzan-ena Maialen Lujanbiorena.
Musikaz bizitzeko erabakia hartu zenuten, baina ez da erraza.
U.F.: Musikara jardun osoz aritzeko erabakia ez dugu inoiz hartu, egia esan, inoiz ez ditugu gure beste lanak guztiz utzi. Ni jantziterian nabil, batez ere telesailetan, eta azken urteetan hemen loraldia egon da arlo horretan, eta moldatzen gara, fabrikara joan behar gabe bizitzen.
K.S.: Nik jarraitzen dut musika eskolako nire beste lanak egiten. Egun gutxi hartzen ditut, gero bandari denbora eskaini ahal izateko. Eta jotzen ari garen momentuan, eta biran bete-betean gaudenean, orduan bai bizi gintezkeela hortaz.
U.F.: Baina horrek oso esklabo bihurtzen zaitu. Dirua zuzenekoetatik ateratzen da, eta horrek inplikatzen du denbora guztian errepideari egurra ematea, eta etxean denbora gutxi egotea. Eta lasaitasun hori beharrezkoa dugu guk ere.
K.S.: Autogestioa da gure bidea, eta izan da beti, eta dena ordaintzen dugu guk: grabaketak, diskoen kopiak…
U.F.: Erabaki guztiak guk hartzen ditugu horri esker, eta erritmoak guk markatzen ditugu. Nahi duguna egiten dugu, baina lan asko eskaini behar zaio ere horri.
Duela urteak komentatzen zenidaten Galiziara bira bat egin zenutela, eta dirurik gabe ia, zenbat kaña hartu ere zenbatuta zenutela.
K.S.: Bai, hasieran ez zen hain erreza izan. Galiziara bira hartan dirua galdu genuen ziurrenik. Baina zorionez buelta eman diogu egoera horri, eta orain biran goazenean lasaiago gabiltza eta ez dugu dirurik galtzen.
U.F.: Orain bai, orain kaña batzuk har ditzakegu, eta paella jan. Eta Galiziara joatean zamburiñak jaten ditugu! [barrez]. Hala ere, egia da orain egoera zailtzen ari dela berriz ere, gasolinaren prezioaz gain, ziurtasun falta honekin, antolatzaileak ere kontu gehiagorekin dabiltza, edukiera gutxiago eta marjina gutxiagoarekin doa dena. Atzera pauso bat egon da hor, eta orain ikusi beharko dugu nola moldatzen garen.
Proiektuak harrera ona izan zuen Euskal Herrian, baina Espainiako Estatuan are hobea. Zergatik?
U.F.: Bai, orain gehiago deitzen gaituzte kanpotik Euskal Herritik baino.
K.S.: Kanarietan adibidez, asko jo dugu, eta irailean El Hierrora goaz, ia uharte guztietan egon gara! Galizian urtean bizpahirutan, Valentzia, Alacant… Asko deitzen digute, eta gainera jende asko mugitzen dugu. Misterio bat da zergatik, izan ere, ez da musika erraza, estribillo itsaskorrekin, eta, gainera, euskaraz.
U.F.: Energia handia dugu, eta uste dut energia hizkuntzaren gainetik pasatzen dela.
Eszenaren egoera nola ikusten duzue Donostian?
K.S.: Talde berri mordo bat ikusten ari naiz, gazteak, gauzak berriak egiten eta kalitate handiarekin gainera. Oso guapoa da hori. Hala ere, muga asko ikusten ari naiz aldi berean, talde asko dagoelako ez dietenak deitzen, ez dutela jotzeko lekurik topatzen.
U.F.: Aretoen egoera oso-oso txarra delako orain ere. Duela urte batzuk beste apustu batzuk egiten genituen, igerilekuan ea urik zegoen begiratu gabe, eta hala ere salto.
K.S.: 1990eko eta 2000ko hamarkadetan gaztetxeen mugimendua oso indartsu zegoen, herri guztietan gaztetxe bat, asteburuero kontzertu bat eta aukera gehiago genituen jotzeko.
U.F.: Orain zaharretxe tour egin beharko dugu! Zahartzen ari gara, eta egongo dira heavyak zaharretxetan ere [barrez].
Eta azpiegitura aldetik?
U.F.: Niri analisia egitea oraindik kostatu egiten zait, haustura oso fuertea egon delako pandemiagatik, oraindik ez gara lehengora itzuli. Dena oso arraro dago. Undergroundak kristoren ostia hartu du. Bazegoen tendentzia bat, gero eta errepresio handiagoa zegoelako. Tabernei gero eta baldintza gehiago, isunekin zorrotzago. Leku guztietan, baina bereiziki Donostian. Ez bazara «turismoaren bultzatzailea den» zerbaiten parte…
K.S.: Bukowski ikustea besterik ez dago. Urte mordoan zehar asteburuero, asteburuero, kontzertuak antolatzen eta musika sustatzen eta egurra ematen, eta udalak momentu batean dena moztu zuen: «Bukatu da, ez daukazue baimenik». Nahiz eta dena intsonorizatua egon, dena prest egon, jada bukatu da Bukowskikoa. Gertatzen ari denaren adibide triste bat da.
U.F.: Taldeekin ere horrelako zerbait. Gero eta zailagoa da gizarte-segurantza ez bada ordaintzen, dena fakturatu, eta gero eta tematuagoa daude horrekin. Eta lehen jasangarria zena, orain oso konplikatua da. Orain gure zerga guztiak ordaintzen ditugu, autonomoetan alta ematen, eta dena oso legal.
Eta egoerari buelta ematekotan, zein Donostia da zuentzat desiragarriena?
U.F.: Gu 1990eko eta 2000ko hamarkadetan hazi eta hezi gara. Guretzat horra itzultzea! Agian gaur egungo gazteriarentzat ez, baina guretzat bai.
K.S.: Askatasun handiagoa zegoen, ez horrenbeste ordutegi. Errepresio handia zegoen, baina beste mota batekoa. Baina orain dagoen murrizketekiko obsesiorik ez zegoen. Donostian gaupasa bat egitea gauza erreza zan. Orain, non?
Eta gaupasa bada komunitatea sortzeko gune bat.
U.F.: Zalantzarik gabe, apurtu ezin diren loturak sortzen ditu. Eta garunean askatzen ditu gauza batzuk, gero sorkuntzara bideratzen direnak. Askatasunak hegoak ematen dizkizu eta errepresioak moztu.
DISKOGRAFIA
Niña Coyote eta Chico Tornado VS Don Condor eta Ñora Alacran disko bikoitza kaleratu du gaur bikoteak, euren zigilu Pozoia Records-ekin. Digitalki, CD eta binilo formatoan egongo da eskuragarri. Bonberenea estudioetan grabatu zuten iazko udaran, bost astetako lan «intentsuaren» ostean. Kontzertu bira presatu du bikoteak, Bilbo, Bartzelona, Madril, Berriz, Logroño, Gasteiz eta Benidormen ostean, ekainaren 6an Egiako Dabadaban egingo dute erakustaldia.
Taldearen laugarren lan luzea da honakoa. Lehenago Niña Coyote eta Chico Tornado (2013), EATE (2016) eta Aitzstar (2019) kaleratu dituzte, denak Pozoia Recordsekin. Beste bi EP argitaratu zuen bikoteak Lainoland (2015) eta Superstition/White room (2020).