Tabakalerako artista egoiliarren lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera asteburuan
Tabakalerako Artisten Gunea irekiko dute gaur eta bihar, espazio horretan bizi diren artistekin eta garatzen ari diren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Gaur, hilak 11, 17:00-20:00etara irekiko dituzte ateak eta bihar, larunbata, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Telmo Trenor DJa arituko da musika jartzen
Victor Ruiz Colomer, (Bartzelona, 1993). Ley disipa calor proiektua eskulturan zentratzen da, energia jasangarriaren ekoizpena eta banaketa kontuan hartuta.
Sara Ayesak (Donostia, 1997) Arte Gradua egin du Accademia di Bolognan eta Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Pintura Masterra ere egin du. Ja, Ja proiektuak arreta eta ideien arteko loturak jorratzen ditu pinturaren bidez.
Ibon Landa Amutxategi (Gasteiz, 1994). Lantegi Irekietan erakutsiko duen Resto-Rastro proiektua inprimatutako iruditik sortzen da, oinarrizko material gisa. Manipulazio desberdinen bidez, papera eta irudi inprimatua figura eta fondoa izateko lehian sartzen dira.
Jose Iglesias Gª-Arenalek (Madril, 1991) artista eta komisario gisa lan egiten du lurraldeen eta datozen garaien eraikuntzaren inguruan, egitura kolonial heteronormatibo neoliberalekiko ikuspegi kritiko batetik, testu, erakusketa, bideo-pieza eta prozesu kolektiboen bitartez. Tabakaleran Las cunetas empiezan en África y terminan en nuestros cuerpos proiektua erakutsiko du.
Lau artista horiekin batera, beste lau artistak ere parte hartuko dute jardunaldietan. Azken horiek espazioak lagatzeko programaren bidez sartu dira Artisten Gunean. Programa horri esker, inguruko artistek, behar izanez gero, lanerako gune bat izango dute beren proiektuak garatzeko: Bertol Arrieta eta Sandra Garayoa, Irati Cano Alkain eta Anna de Guia Eriksson. Haiekin batera ariko da bere lana aurkezten Diego Flórez Álvarez ere. Gaur egun Medialaben sortzaile egoiliarra da, Tabakalerako Zinema eta Teknologia deialdian hautatua izan baitzen 2021ean.