'Zerua Orain' lana kaleratu du Merina Gris hirukote donostiarrak
Bihar aurkeztuko dute euren lana Dabadaban, hirukotearen lehen kontzertuan.
Duela urtebete inguru azaldu zen eszenan Donostiako hirukote misteriotsua. Pop zakarra da beraien estiloa, eta egitura eta melodia konbentzionalak ekoizpen elektroniko basatiarekin nahasten dituzte. Bihar aurkeztuko dute euren lana Dabadaban, hirukotearen lehen kontzertuan.
Gaur kaleratu dute zortzi kantaz osatutako Zerua Orain lana eta plataforma digitaletan egoteaz gain, CD, kasete eta binilo formatuan egongo da eskuragarri. Bost aurrerapen kanta aurkeztu ostean, hiru kanta berri biltzen ditu lanak: Almar, Hemen orain, Antes no era más feliz.
Poparen eta elektronikaren mugetan mugitzen da taldea, lo-fietik IDMra doan espektro zabalean, postpunkeraino iritsiz.
Julen, Sara eta Paskal izenez aurkeztu den hirukoteak oraindik ez du bere aurpegia erakutsi, eta honek taldearen gaineko misterioa handitu duen arren, euren musika eta bideoklip zainduetan beste modu batean gerturatzeko aukera eskaini du.
Dabadabako kontzertuaz gain, bira txiki bat antolatu dute Gasteizen, Gernikan, Arrasaten, Bilbon eta Iruñean izango diren kontzertuekin. Oraindik zein formaturekin taularatuko diren ez dakigun arren, aurreratu dutenez orain arteko estetika zainduarekin irtengo dira oholtza gainera, euren proposamen berri eta interesgarri hau defendatzera.