Zuhaitzak bizirik
Ez da zalantzan jartzen zuhaitzak garrantzitsuak direla, baina zuhaitz handiak galduz goaz: zoritxarrez, ez dugu askorik. Landatzen dira, bai, baina errazegi mozten dira. Maiz arriskuaren mamua astinduz. Halere, guri beldurra haien proiektuek ematen digute. Hiri berdea, orain.
30 urte daramatzagu zuhaitzak aldarrikatzen, zuhaitzen garrantzia goraipatzen, mendian eta hirian. Tokian tokiko zuhaitzak landatu ditugu herritarrekin, haien haziak bildu, banatu ditugu eta erein ditugu. Erakunde publiko batzuei, ordea, traba egiten dietela dirudi. Izan ere, nahi baino gehiagotan zuhaitz mozketak salatzea tokatu zaigu. Ezjakintasuna? Arduragabekeria?
Berriki ikusi ditugu zuhaitz mozketa ugari hiriko hainbat lekutan, baina bereziki deigarriak eta bortitzak suertatu dira Donostiako zenbait garraio azpiegituren inguruan egindako soilketak. Esaterako, Karlos I.aren hiribideko tunelaren sarreran eta Errondo pasealeku osoan, topoaren trenbidearen alboetan. Segurtasunaren izenean egin dituztela ziurtatuko digute, eta kasu batzuetan izango da, baina ez guztietan. Aipaturiko azpiegituren inguruan sortutako gerriko garbiak, soilduak, arazo berrien iturri bilaka daitezke. Zuhaitz batzuk, oso oker daudenak, desoreka handia dutenak, hautsiak daudenak edo gertuegi daudenak moztea edo kimatzea uler liteke, baina inolaz ere osorik moztea. Landare horiek sustraiekin lurzorua eta harriak eusten zituzten. Zoritxarrez, gehiegitan gertatzen da zuhaitzen arriskutik salbatzeko, luizi arrisku bizian uzten gaituztela, besteak beste. Gainera, horrelako korridoreak erakargune bilakatzen dira kanpoko espezie inbaditzaileentzat. Adibide garbia Adifen Loiola-Amarako trenbidearen sarreran dugu, panpako belarraz josita baitago.
Duela ia bost urte, 2017ko apirilean, segurtasunaren izenean txikizioa egin zuten Lourdes Txikin, Ekintza ikastolaren gaineko maldan. Umeak arriskuan omen zeuden, eta horren aitzakian sekulako triskantza burutu zuten plangintzak berak babesten zuen basoan, 100 urtetik gorako hango haritzak moztuta. Ez zegoen halako arriskurik, eta lanok arrisku handiagoak ekarri zituzten makina handiak lanean aritu baitziren umeak eskolan zeuden bitartean. Aldundiak gelditu zuen mozketa, ez udalak, baina enpresari isun irrigarria jarri zion eta zonaldea berreskuratzeko beharra agindu bazuen ere, ez da bete. Zuhaitzak etorriko dira, baina egun kanpoko landare inbaditzaileez josita dago. Zentzugabekeria hartan gelditzen zitzaigun hariztitxo bakarrenetako bat galdu genuen.
Udalak urtero sekulako kanpaina egiten du landatu behar dituen zuhaitzak lau haizeetara zabalduz. Ordea, ez du esaten zenbat suntsitzen dituen. Ez dugu ukatzen batzuetan zuhaitza moztea dela irtenbide bakarra, baina zuhaitz aleen gainbehera gehiegitan planifikazio eta kudeaketa okerrarengatik gertatzen da, arazoa maiz hasierako obraren jatorria izanik. Haritzaldek hainbatetan zuhaitz mozketak salatu ditu eta arbolak salbatzeko gurutzadak egin ditu. Esaterako, Peñafloridako zuhaitzekin eta Tolosa hiribideko ezkiekin egin genuen antzera. Proiektuak aldatu zituzten? Ez. Zuhaitz bakar batzuk tokiz aldatu zituzten, besterik ez. Zuhaitzek ez lukete arazoa izan behar, proiektu horiek ondare naturalari egokituz gero.
Aurten zuhaitz landaketa herrikoiak antolatu ditugu Altzon eta Donostian, Loiolako Erriberan eta Txominen. Beste ibai parke bat nahi genuen, ibar basoarekin amets egiten baikenuen; Urumea bizirik. Ertzeetan baino ez digute utzi landatzen. Arriskutsuak omen dira, enpresak eta etxebizitzak ordea, han. Antzekoa gertatu da Martutenen. Berdez jantzi arren ibaia larri zaurituta utzi dute, gogor ubideratuta eta ertzak soilduta. Disimulurako landare batzuk han eta hemen sartu eta kito. 27 industrailderako zubian jarri eta ibaiari begiratu: gorantz triste eta artifizial horma artean, beherantz zuhaitzak ertzeetaraino oihan itxura emanez. Metro batzuk, bi mundu.
Loiolako zeharbidea berritu dute, hobetu da, zalantzarik gabe, baina jarraitzen du grisegia izaten, porlan asko eta berde gutxi. Zuhaitzak? Erraz zenbatuko dituzu, nahiz eta batzuk ia lurrik gabe sartu dituzten. Dena den, gure kezka nagusia oraindik etortzekoak diren proiektuetan dago. Donostiako gerriko berde eta urdina babestu eta indartu behar dugu, biodibertsitatearen gordailu izateaz gain, eskualdeko korridore berdea delako. Baina hiriak berak ardatz berdea behar luke non berdeguneak, parkeak, zuhaitzak eta lorategiak sare berde bat osatzen duten. Hau da, Nazio Batuen Erakundeak eta Europak berak hirien ekologizazioa deiturikoarekin bat eginez. Udal politikak, ordea, kontrako norabidean jarraitzeko arrisku bizia du, eta Antondegiko proiektu eroei begiratzea baino ez dago: olatu faktoria mendian itsasotik 4 kilometrora. Hasi gara esaten 30 urte igaro direla zuhaitzen defentsan hasi ginenetik. Udalak honezkero hilabete gehiago daramatza Belartza Goikoan EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia bete gabe. 33 hilabete geroago epaia bete gabe eta harriak han, eta sustatu nahi duten merkataritza gunearekin hango basoak eta gerriko berdea arriskuan. Gure zuhaitzak!