100 ardo dastatzeko aukera izango da Tabakaleran martxoaren 20tik 21era
Biba Ardoak kooperatibako kideak. (Argazkia: Biba Ardoak) Martxoaren 20an eta 21ean Euskal Herriko ardo ekologiko eta naturalen lehen Biba Azoka antolatu du Biba Ardoak kooperatibak. Euskal Herri osoko hamabost etxaldeetako mahastizainak eta ia ehun ardo dastagai izango dira Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Zentroaren Taba espazio gastronomikoan.
Duela hiru urte Euskal Herriko hamaika mahastizain-ardogile ekologiko elkartu ziren beraien ardoak elkarrekin merkaturatzeko eta banatzeko, eta “nortasundun profesional eta herritar kontzientziadunei kalitatekoa, bertakoa, ekologikoa eta sozialagoa den alternatiba bat” eskaintzeko Biba Ardoak kooperatiba sortu zuten. Hiru urte hauetan ostalari, dendari, elkarte eta herritarrekin egindako bidea ospatu nahi dute eta horretarako antolatu dute azoka hau.
Egitarauari dagokionez, martxoaren 20an eta 21ean goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00etara egingo dute jaialdia eta bi egunetarako sarrera hamar euroren truke lortu ahal izango da (kopa bat opari, ia 100 ardo dastatzeko eta baita upategi prezioetan etxerako erosteko aukera ere). Igandean 17:00etatik 23:00etara DIA! Radio DJ set-ek alaituko du giroa, eta 20:00etan mahastizainen afaria egingo dute Fede Pacha eta Lucho Carrion (Hernaniko Diametro 200, Lurra Café Chillida Leku eta Oñatiko Etxehaundi jatetxea) eta Nicolas Breton (Miarritzeko Restaurant Aiete) sukaldari engaiatuen eskutik. Txartelek 35 euroko prezioa dute.
Irakurri informazio osoa hemen.


