Bakea aldarrikatzeko melodiak interpretatuko dituzte bihar Musika eta Dantza Eskolako kideek
Musika eta Dantza eskolako ikasleak. UEMyD Musika eta Dantza Eskolen Elkarteko eskola guztiek bat egingo dute bihar, martxoak 15, bakearen aldeko emanaldia eskaintzeko. Hala, 18:30ean Elkarteko Eskoletako ikasle zein irakasleak beren hirietako kaleetara aterako dira, bakea aldarrikatzeko melodiak interpretatzeko.
Ekimenarekin bat eginez, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasle eta irakasleak Donostiako Blas de Otero plazan elkartuko dira, beren instrumentu zein ahotsekin Txoria Txori eta Europako ereserkia interpretatzeko. Ekitaldi honekin, Eskolak bakearen aldeko aldarrikapen irmoa zabaltzea du xede, eta baita gerraren biktima eta errefuxiatuei elkartasuna adieraztea ere.
“Egun hauetan, atsekabetuta ikusten ari gara Ukrainan gertatzen ari dena; komunikabideek milaka hildako eta ia bi milioi errefuxiatu aipatzen dituzte, herrialdetik ihesi doazenak, haien bizitzak, oroitzapenak eta, horietako asko, familiako kideak atzean utziz. Giza eskubideak berariaz urratzen dituen botere-borroka baten erdian harrapaturik dauden biktima errugabeak dira. Izan ere, nahiz eta desadostasuna legitimoa izan, inposizio armatua, suntsipena eta erahilketa erabat onartezinak dira”, dio UEMyD Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak prestatu duen manifestuak.


