Bera Berak hiru puntuko abantaila berreskuratu du sailkapenean
Garaipen garrantzitsua lortu zuen Bera Berak larunbatean, Valladolid talde zailaren pistan (27-29). Atsedenaldira berdinduta iritsi ondoren, markagailuan aurretik jarri eta errenta mantendu ahal izan zuten. Eli Cesareok sarturiko sei golak erabakigarriak izan ziren garaipenerako. Sailkapen nagusiari dagokionez, Bera Berak hiru puntuko abantaila berreskuratu du bigarrenarekiko. Izan ere, Xixonek galdu egin zuen Elxen etxean. Hurrengo neurketa Gascan jokatuko du Bera Berak Galiziako Porriño taldearen aurka.
Izotz hockeyan, liga irabazteko lehen puntua eskuratu zuen Txuri Urdinek, atzo eguerdian. Majadahonda talde indartsuari 4-2 irabazi zioten ligako titulurako lehen norgehiagokan. Denboraldi honetan, hirugarren aldia zen elkarren aurka aritzen zirela, eta Donostiako taldeak erakutsi zuen madrildarrek baino maila hobeagoa dutela. Dena dela, Madrilen erabakiko da liga, han jokatuko dituztelako bigarren partida, eta kanporaketa berdinduko balitz, baita hirugarrena ere. Horiek horrela, Txuri Urdinek bigarren partida irabazi beharko du hirugarren bat jokatu behar ez izateko. Belar hockeyan, berriz, Realak jardunaldi bikoitza izan du asteburuan. Larunbatean, berdindu egin zuten Sardineroren aurka (1-1), eta, atzo, Bartzelona azken sailkatua mendean hartu zuten (2-1).
Futbolean, Realeko lehen mailako bi taldeek euren partidak irabazi zituzten. Neskek Betis talde zaila gainditu zuten larunbatean (0-3). Nerea Eizagirre kapitainak, Amaiur Sarriegik eta Synne Jensenek egin zituzten golak. Garaipena erabakigarria izan daiteke sailkapen nagusiko bigarren postua sendotzeko. Sei jardunaldi falta dira liga bukatzeko, eta txuri-urdinek zazpi puntuko aldea dute orain Atletico Madril hirugarren sailkatuarekiko. Liga, berriz, matematikoki irabazi du Bartzelonak, eta atzo altxa zuten txapeldunaren kopa. Hain zuzen ere, Kataluniako taldearen kontra ariko da Reala kopako final-laurdenetako kanporaketan. Partida asteazkenean izango da 20:45ean. Gizonezkoen Realari dagokionez, Alavesen kontrako euskal derbia ere irabazi zuten atzo, Anoetan (1-0). Martin Zubimendi donostiarraren gol bakarrari esker, eta Alex Remirok atezainak egindako geldiketengatik, urrezko hiru puntu batu zituzten.
Saskibaloian, Donostiako bi taldeek galdu egin zuten. Ibaeta Basketek arerio gogorra topatu zuen parez pare; Girona. Partida lehiatu arren, galdu egin zuten (72-87). Gipuzkoa Basketek ere huts egin zuen etxetik kanpo Palmer Almaren aurka (85-67).
Eta bukatzeko, atletismoan, Udaberriko lasterketa egin zuten atzo Donostian. Aitor Etxeberria eta Nerea Egia izan ziren kategoria bakoitzeko onenak.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 17. jardunaldia
- Valladolid 27 – Bera Bera 29
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako finala (lehen neurketa)
- Txuri Urdin 4 – Majadahonda 2
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 11. eta 12. jardunaldiak
- Sardinero 1 – Reala 1
- Reala 2 – Bartzelona 1
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 24. jardunaldia
- Betis 0 – Reala 3
Gizonezkoen lehen maila, 28. jardunaldia
- Reala 1 – Alaves 0
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Ibaeta Basket 72 – Girona 87
Gizonezkoen LEB Oro liga, 23. jardunaldia
- Palmer Alma 85 – Gipuzkoa Basket 67