'Bretxa' eleberria euskaraz argitaratu dute, eta 1813ari buruzko musikal erraldoi bat iragarri
Toti Martinez de Lezearen Bretxa eleberria euskaratu du Erein argitaletxeak, gazteleraz argitaratu eta hamasei urtera. Idazle gasteiztarra pozik agertu da gaur egindako aurkezpenean: “Nik ezin dut euskaraz idatzi, eta horregatik, opari bat da niretzat nire lan bat euskaraz ikustea”.
1813ko Donostiako erreketa du oinarri nobela historiko ezagunak, hiritarrek jasandako arpilaketa eta bortizkeria kontatzen du, emakumeek jasandako oinazean arreta jarriz. Izan ere, Martinez de Lezeak berak azpimarratu duenez, nobela historiko gehienetan “zenbat ziren bando batean, zenbat bestean, jeneralen izenak” eta gisako datuak dira garrantzitsuenak. Berak, aldiz, “herritarren ikuspegia” gailendu nahi izan zuen, “herritarrek bizi izandakoa” ekarriz lehen lerrora.
Musikala, 2023an
Aurkezpenean egon dira ere Oihan Vega eta Valen Moñux Bergara Antzerki Musikala taldeko kideak, euren proiektu berria aurkezten: Bretxa eleberrian oinarritutako “ikuskizun erraldoia”.
Proiektua duela sei urte hasi zen, Vega eta Moñux Martinez de Lezearen etxera joan zirenean. Proiektuaren hasiera “definitu” zuen esaldia bota zuen orduan Martinez de Lezeak: “Zuek erotuak zaudete. Eta etxe honetan eroak ongietorriak dira”. Ordutik “dena erraztasunak” izan direla dio Vegak.
Ikuskizuna 2023ko urtarrilaren 13an estreinatuko da Viktoria Eugenian, eta dantzari, musikari eta aktoreen artean 150 parte hartzailetik gora izango ditu.
“Donostia inoiz ikusi ez bezala”
Azaldu dutenez, “Totiren lana errespetatzea” izan da musikalaren oinarria, eta eleberriko pertsonaiekin osatuta dago istorioa. Horretaz gain, Jose Maria Leclercq historialariaren eta Jose Javier Pi Chevrot arkitektoen laguntza izan dute..
Pi Chevrotek 1813 aurretiko Donostiaren mapa bat du egina hiru dimentsiotan “munduan den bakarra” ziurrenik, eta LED pantaila handian ikusteko aukera izango da: “Donostia ikusiko duzue inoiz ikusi ez duzuen bezala”.
Hizkuntzari tratamendu berezia emango diote ere, pertsonaia bakoitzak bere berezko hizkuntzan hitz egingo du eta. Hau da, soldaduek frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz eta portugesez mintzatu eta abestuko dute, eta herritarrek euskaraz. Bien arteko elkarrizketak gazteleraz izango dira. Ohartarazi dute, herritarren istorioa kontatzen dutenez, musikalaren %85 izango dela euskaraz.
Martinez de Lezeak gehitu du bere eleberri gogorrenetako bat izan arren, garrantzitsua dela oraindik gaiari buruz hitz egitea, eta musikala antolatzea “ohore” handia dela berarentzat.
Bergara Antzerki Musikalaz gain, Bergarako Musika Eskolaren, Donostiako Union Artesana elkartearen, Donostiako Tempo 22 dantza akademiaren eta Donostia 31 Rekreazionista Elkartearen parte hartzea izango du ikuskizunak, besteak beste.