Turismoarekin loturiko proiektuetarako 4,4 milioi euro laguntza onartu du udalak
Donostiako Udalak onartu du Helmugako Turismo Jasangarriaren plana aurrera eramateko 4.400.000 euroko laguntza jasotzea. Era berean, Europako Next Generation funtsak jasotzeko beharrezkoak diren administrazio kontratuetarako baldintza agirien ereduak eta iruzurraren kontrako plana ere onartu ditu udalak. Eneko Goia alkateak eman ditu xehetasunak.
Aipaturiko 4,4 milioi euroak Donostiak Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (BEEP) Next Generation funts europarretatik momentuz jaso dituen 18 milioi euro baino gehiagoren parte da, zehazki turismoaren eremura bideratutako atalari dagokio. Laguntza hauek lau ardatz nagusitan banatzen dira: trantsizio berdea (1,2 milioi euro), trantsizio energetikoa (1,4 milioi euro), trantsizio digitala (1,1 milioi euro) eta lehiakortasuna (700.000 euro). Hainbat proiektu aurreratu ditu Goiak: “Illunbe eta Erdialdea lotzeko autobus elektriko bat erostea, Artikutzako interpretazio zentroa berritzea, Igeldoko espaloia eraikitzea, Turismo bulego berriaren digitalizazioa eta abar”.
Bestalde, udalak baldintza agiri eredu berriak egin ditu, orain arte erabili direnetatik abiatuta. Next Generation funtsei buruzko araudi espezifikoak ezarritako beharrak jasotzen dituzte eta udalaren beharrei erantzuten diete. Horiek guztiak, kontratazio elektronikoaren bidez izapidetzeko daude prestatuta.
Azkenik, udalak iruzurraren aurkako neurrien plana onartu du, honako arauak ezartzen duen arabera: erabakiak hartzen eta betearazten dituzten eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren neurriak betearazten parte hartzen duten erakunde guztiek iruzurraren aurkako neurrien plan bat eduki beharko dute, bere jardun eremuan dagozkion funtsak aplikatu beharreko arauen arabera erabili direla, eta iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak prebenitu, detektatu eta zuzentzeko sistema bat ezarri dela bermatu eta deklaratu ahal izateko.
Prozedura horren bidez, udalak Gobernantza sistema osatu nahi du, Etika Publikoaren eremua garatuz, eta azken urteotan garatutako gainerako espazioekin bat eginez. Hala nola, Gardentasuna, Administrazio Digitala, Datu pertsonalen babesa, Herritarren arreta integrala eta Kudeaketa aurreratua.
“Plan honen elementuetako bat gaur onartutako adierazpen politikoa da. Honen bidez, zuzentasun mekanismoak modu eraginkorrean indartzeko eta, zehazki, irregulartasun administratiboak, iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak modu eraginkorrean borrokatzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko konpromisoa hartu nahi da”, adierazi du Goiak.