Zurriola Maritimo zenaren eraikina ustiatzeko lehiaketa publikoa egingo du udalak
Donostiako Udalaren jabetzakoa da Zurriola pasealekuko 41. zenbakian dagoen eraikina. Zurriola Maritimo jatetxea eta dantzalekua zegoen han, eta 2016an itxi zuten. Ordutik, udala eraikin horri erabilera bat ematen ahalegindu da. Eneko Goia alkateak gaur baieztatu duenez, hilabete honetan onartuko dute udal eraikina ustiatzeko lehiaketa publikoa. “Asko kostatu zaigu, baina pozik gaude aurrera eramango dugulako”, aitortu du Goiak.
Eraikina kostaldeko eremuan dagoenez, Espainiako Kosta eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoa da. Hori dela eta, urteak daramatzate Zurriola pasealekuko eraikinaren inguruan negoziatzen. “Denbora gehiegi behar izan dugu eraikinaren baimenduriko erabilerak argitzeko. Horrekin batera, ustiaketa kontzesioa luzatzeko eskatu genuen, urte gutxi geratzen zitzaizkiolako”, azaldu du alkateak. Erabilerari dagokionez, eraikinak ostalaritza zerbitzua eta itsas jarduerekin loturikoa eskaini ditzake.
Kontzesioa, berriz, luzatzea lortu du udalak. Hori dela eta, lehiaketa publikoaren oinarriak prestatu dituzte. “Baldintzak betetzeko prest daudenek aurkeztu beharko dituzte proposamenak”, esan du Goiak. Bestalde, udalak erabaki bat hartu duela gaineratu du: “Inbertsioaren zati bat udalak jarriko du; 300.000 euro. Eskaintzen arabera, udalak egin beharreko ekarpena txikiagoa izango da, eta hori ere aintzat hartuko da”.
Aurreko saiakera
Udalak 2017ko maiatzean abiatu zuen Zurriola pasealekuko eraikina ustiatzeko aurreko lehiaketa publikoa. Dena dela, urte bereko azaroan ostalaritza proiektuaren adjudikazioa bertan behera utzi zuen. Ustiatzeko kontratua “bideraezina” zela ebatzi zuten. Izan ere, baldintza agirietan aurreikusitako inbertsioak “ez ziren egokiak” ustiaketaren “errentagarritasunerako”. Ondorioz, udalak eraginik gabe utzi zuen Jose Andres Lopez enpresariari adjudikatu zion kontratua.