Lucha autonoma mugimenduak elkarretaratzea deitu du datorren ostegunean Donostian
Lucha Autonoma mugimenduak elkarretaratzeak deitu ditu martxoaren 24rako Espainiako Estatu osoko hamazazpi hiritan, autonomoen eskubide eta aldarrikapenak defendatzeko. Donostiakoa bulebarrean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Plataformak 80.000 pertsona baino gehiagoren babesa lortu du sare sozialetan
Lucha Autonoma mugimenduak martxoaren 24an, osteguna, 19:00etan kontzentrazioa deitu du Espainiako Estatuko hainbat tokitan, Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak autonomoen kuota zatika kalkulatzeko egindako proposamena arbuiatzeko. “Edozein justizia sozial eta ekonomikoren aurka doan sistema” da deitzaileen ustez.
Joan den urtarrilean Escrivá ministroak RETAn tarte-sistema bat ezartzeko plana iragarri zuenetik, hainbat aldaketa eta zuzenketa egin dira, baina beti ildo beretik jo dutela diote deitzaileek: “Abusuzko kuota bat ezartzea, norberaren kontura lan egiten dutenen aurkako beste eraso bat, soldatapekoen eta eskubideen arloko bidegabekeria konparatiboan sakontzen duena”.
Lucha Autonoma “plataforma horizontal eta independentea da”, 2022ko urtarrilean sortua, erreformaren iragarpenaren ondoren. Gizarte Segurantzako kotizazio-kuota kalkulatzeko formula berriak bilatzearen aldeko apustua egiten du, tarte baxuak eta ertainak ito ez ditzaten, bai eta kuota hori ordaintzen hasteko gutxieneko diru-sarrerak finkatzearen alde ere, eta sortutako eskubideak soldatapekoek baliatzen dituztenekin parekatzearen alde.