Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako 25. martxa egingo dute igandean
Igandean, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako martxa egingo dute Pasaia eta Donostia artean, 25.enez. Migrante eta iheslarientzat bide seguruak eta denontzako erregularizazioa eskatuko dute. Astelehenean, martxoaren 21ean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako eguna da.
Migrazio mugimenduak hain presente dauden honetan, mugetan jarri dute arreta antolatzaileek, eta horietan egiten dituzten kontrol selektibo eta arrazistak kritikatu dituzte: “Paperik ez duten eta mugak zeharkatu nahian bizitza jokoan jartzen duten migratzaileek bizi duten babesgabetasun egoera salatu nahi dugu, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrak mobilizatzea”.
Aurkezpena Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidearen zubian egin dute, urtero ehunka lagunek zeharkatzen duten mugan. ‘Pasa’ izan da aurtengo ekitaldirako aukeratutako leloa: “Mugak pasa, pasa edo ez pasa, pasatzen ari dena, ekintzetara pasa” eta antzeko aldarriak egin dituzte hitz jokoarekin.
Egun hauetan Bidasoan desagertutako beste pertsona migrante baten bila jarraitu dute, Gurutze Gorriak eta SOS DEIAK zerbitzuek. Kasu honetan hiru pertsonak jauzi egin zuten Bidasoa ibaira, eta bik bakarrik lortu zuten ibaia zehartzea. Aktibatu ziren bilaketa-taldeek motxila bat aurkitu zuten. Atzo, asteazkena hilak 16, bertan behera geratu zen desagertutako migrantearen bilaketa bost egunen ostean.
Igandean izango da martxa Trintxerpetik abiatuta, 11:30ean, eta Donostian amaituko da, bulebarrean. Ekitaldiarekin bat egin dute 57 erakundek, hala nola, SOS Arrazakeria, Medicus Mundi, EAEko GKE Koordinakundea eta beste hainbat elkartek.