Haritik Hirira taldeak podcasta abiatuko du ostiraletik aurrera
Geografia eta hirigintzatik abiatuta, Twitterren analisi eta datuak modu ikusgarrian zabaltzeagatik egin da ezagun bikotea.
Josu del Campo eta Jon Macias geografoek osatzen duten Haritik Hirira taldeak podcasta abiatuko du ostiraletik aurrera. Bikotea ezaguna egin da Twitter bidez partekatu dituztelako euren diagnostiko, ikerketa eta analisiak.
Geografiatik abiatuta, askotariko jakintza alorrak garatzen dituzte, hiriaren eta lurraldearen gaineko hausnarketa originalak zabalduz hirigintzaren, dinamika sozioekonomiko zein demografikoen, ingurumenaren eta genero gaiak uztartuz. Atal bakoitzean gai bat izango dute hizpide eta aditu edo gonbidatuen laguntza izango dute.
Lehen atala ostiralean argitaratuko da, COVID-19ak gure hirietan izan duen eraginean zentratuz, “egun eta etorkizunean nahi dugun hiri eredua lortzeko jarraibide batzuk planteatuz”. Lehen atala berezia izango dela ziurtatu dute “motza eta zehatza”.
Egitasmoa Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategian garatuko dute.
Hiriko eta Euskal Herriko datuak modu ikusgarrian kaleratzen dituztelako dira ezagunak del Campo eta Macias. Hona hemen egin dituzten ikerketako batzuk: Hiriko etxebizitzen altuera, parkeek hiriko tenperatuan duten eragina edo apustu etxeen metaketarenak.