Nartzisoek osatutako "alfonbra horia" ikusgarria izaten ari da
Frantziako pasealekua nartzisoz beteta dago egunotan, udaberriaren ateetan gaudenez gero. Nartzisoak orain aste batzuk loratu ziren, paseo zaleen –eta euren argazki kameren– gozamenerako, irudi zoragarriak utziz.
Ezer ez da betiko, ordea, eta azken egunak dira horren ikusgarri agertzen dela “alfonbra horia” [Marisol Garmendiaren hitzetan], gutxika zimeltzen ari dira eta. Nartzisoek euren zikloa amaituko dute, eta moztu egingo dituzte, lorategiek soropilezko mantu berdea berreskuratu dezaten
Donostiako Udalak 130.000 nartziso landatu zituen urrian Frantzia pasealekuko lorategietan, eta loratzen hasi dira orain, gunea horiz jantziz. Landareak babesteko, hesiak jarri zituzten urrian.
Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak loreak ez kaltetzeko eskatu zien herritarrei: “Donostiako herritarrek loreez gozatzea nahi dugu, oztoporik gabe, baina errespetua eskatzen dugu, multzoak merezi duen itxura izan dezan. Hala, txakurren jabeei eskatzen diet ez uzteko beren maskotak lorategietara sartzen eta loreak txikitzen, eta gauza bera eskatzen diet aitatxoei eta amatxoei, lorategiak ere ez daitezen izan beren seme-alaben jolasleku. Ia lau hilabete itxaron dugu eta orain naturaren ikuskizun honetaz gozatzeko garaia da”.