Sortzaileei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutua antolatu dute udaran Tabakaleran
Hiru hilabetez, hamasei parte hartzailek euren proiektu artistikoak garatuko dituzte, sektoreko tutore profesionalek lagunduta.
Tabakalerak, Artium Museoak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak sorkuntzaren esparruko profesionalei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutua antolatu dute hirugarrenez. Programaren muina praktika artistikoa izango da, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.
Prestakuntza saioak Tabakalerako Artisten Guneko Tailerrean izango dira, ekainaren 1tik abuztuaren 31era bitartean. Eremu komun horretarako sarbideaz gain, parte hartzaile bakoitzak estudio bat ere izango du prestakuntza aldiak irauten duen bitartean, eta tutoreek jarraipena egingo diote euren lanari, indibidualki. Abuztuan zehar, programako parte hartzaileek Oteiza fundazioa kokatzen den Altzuza herrian egun batzuk igaroko dituzte.
Jardun Artistikoentzako Institutua
Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) ikasketa programa Tabakalerak eta Artiumek bultzatutako ekimen gisa sortu zen 2019an. JAI udako eskola baten moduan egituratzen da, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Askotariko jatorri ahots profesionalak elkartzen ditu, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.
Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artista) izango dira hirugarren edizio honetan institutuaren tutoreak. Eurekin batera, gaur egun deialdia sustatu duten erakundeen erakusketa programetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute irakasle taldea: Rosalind Nashashibi, Georgia Sagri, Lea Porsager, David Bestué, Ainara Elgoibar, Alejandro Cesarco, Jon Mikel Euba, Mattin, Pierre Bal-Blanc, Isabel Herguera, Erlea Maneros eta Txaro Arrazola.
Deialdia
Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da 2022eko martxoaren 17tik apirilaren 14ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren, Artium Museoaren eta Jorge Oteiza Fundazio Museoaren webguneetan eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat erantsi beharko dituzte bertan.
Hautatutako pertsonek 450€ ordainduko dituzte prestakuntzarako matrikula gisa, eta, horrez gain, ostatua hartzera bideratutako bost laguntza eskainiko dira.