"Txikitan haurrei igeri egiten erakutsi behar zaien moduan, eskiatzen ere erakutsi behar zaie"
Kuadrilla gehienetan dago negua iristen denean soilik eskiatzera joatean pentsatzen duen norbait, eta bere diru guztia (edo, sarritan, bere gurasoena) asteburuero Pirinioetara joaten gastatzen duena. Atzean Zuloakoak horrelako batekin izan dira: Jakakoa-rekin. Kasualitatea izango da, baina, gehienetan, eskiatzea “oinarrizko hezkuntza” dela defendatu ohi dute halako pertsonek, baita horren garestia ez dela defendatu ere: “Materiala behar da: eskiak, katuak, pioletak, kaskoa, betaurreko on batzuk, txamarra on bat… Baina bueno, Olentzerori eskatzen diozu eta aparteko ordainsariarekin beste kapritxoren bat hartzen duzu, eta pixkanaka egiten zoaz”. Garrantzia kentzen dio, baina gurasoen opariengatik izango ez balitz, ez luke pote bat hartzeko ere dirurik izango.
Txikitatik darama Jakara (Aragoi) joaten, bere gurasoei esan zielako ezin zirela beti osabaren etxera joan: “Erosiko dugu etxe bat?”. “Dugu”, noski. Zeinek ez dauka bigarren etxebizitza bat Jakan? Baina ez pentsa euskaldun izateari utzi diola horregatik, Jakan “euskara mordoa” entzuten baita: “Belarria adi jartzen baduzu, euskalkiagatik ere desberdintzen dituzu: hori lekeitiarra, hori Urola ingurukoa…”. Denak langile klasekoak, noski.
Bosgarren denboraldia
Bosgarren denboraldian murgilduta dago Atzean Zuloa, eta beste zazpi bideo argitaratu dituzte dagoeneko: Kriptoanaia, Konkistatzailea, Landarezalea, Etxejabea, Mallot horia, Azkena eta Bazkalondoko izarra. Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrek gorpuzten dituzte Atzean Zuloaren pertsonaiak. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da, eta 2018an hasi ziren umorezko esketxak egiten.